NAIZ
CANAZEI

Pierre Rolland frantsesarentzat izan da Giroaren 18. etapa

Pierre Rolland frantziarrak (Cannondale) irabazi du Giroaren 17. etapa. Gorka Izagirre ormaiztegiarra hirugarren iritsi da helmgugara. Sailkapen nagusian Tom Dumoulinek jarraitzen du buruan eta Nairo Quitanak bigarren. [Emaitzak eta sailkapenak]

Pierre Rolland, Canazeiko helmugan. (Luk BENIES/AFP)
Pierre Rolland, Canazeiko helmugan. (Luk BENIES/AFP)

Tirano eta Canazei artean 219 kilometroko ibilbidea zuen etapa egin dute gaur txirrindulariek Italiako Giroan. Cannondale taldeko Pierre Rolland frantziarra izan da garaile, Rui Costa (Merida) portugaldarra bigarren eta Gorka Izagirre ormaiztegiarra (Movistar), hirugarren.

Rolland izan da lehena Aprica eta Tonaleko gainak igarotzen, baina ondoren tropelak harrapatu egin du. Helmugarako zazpi kilometro inguru falta zirela erasoa egin du eta bakarrik iritsi da Canazeira. Hogeita lau segundu atera dizkio bere atzetik iritsi da lehen txirrindulari taldeari.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan eta Tom Dumoulinek (Sunweb) jarraitzen du lehen postuan. Nairo Quintana kolonbiarra (Movistar) da bigarren, 31 segundura, eta Vncenzo Nibali italiarra (Barhain) hirugarren, minutu eta hamabi segundura.

Bihar ere Dolomitetan

Bihar 18. etapa izango da jokoan. Moenatik abiatuko dira, Fassa haranean, eta Ortisei/Saint Ulrichen bukatuko dute, Gardena haranean. Tartean lehen mailako bi mendate igaro beharko dituzte, Pordoi eta Pontives; bigarren mailako beste bi, Valparola eta Gardena/Grodnerjoch, eta hirugarren mailako bat, Passo di Pinei. Guztira 137 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, guztiak Dolomitetan.