Ainara Lertxundi
DONOSTIA

Europaren etorkizuna eztabaidagai Donostian, EH Bilduren eskutik

Europaren eta ezkerraren etorkizuna eztabaidagai izango dira ekainaren 5etik 8ra Donostian egingo diren Study Days jardunaldietan. «Ikasketa egun» horiek Europako Parlamentuak sustatzen ditu urtean bitan kontinentearen erronkei buruz hausnartzeko. Oraingo honetan, antolaketa EH Bilduri egokitu zaio GUE/NGL talde parlamentarioaren kide gisa. Orotara 29 eurodiputatu eta Parlamentuko ehunetik gora langile eta aholkulariek esku hartuko dute. Gai zerrenda zabala da: Brexit-a, etorkinak, industria eta bake prozesua, besteak beste.

Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak aurkeztu ditu Study Days jardunaldiak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak aurkeztu ditu Study Days jardunaldiak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

«Europak ezker indartsua, herritarrekin eta herritarrentzat lan egiten duen ezkerra, hain zuzen ere. Batez ere, une honetan, Europa bidegurutze batean baitago. Egungo egitura krisian dago», nabarmendu du gaur Josu Juaristi EH Bilduren eurodiputatuak Study Days jardunaldien aurkezpenean. Ekainaren 5etik 8ra ospatuko dira Donostiako Tabakaleran.

Adierazi duenez, 29 eurodiputatuk eta Europako Parlamentuko ehunetik gora langile eta ahoulkularik parte hartuko dute. «Ez da inoiz horrenbeste jende eta eurodiputatu izan Study Days batzuetan», nabarmendu du. «Europako ezkerrak antolatu duen Study Days irekiena izango da. Taldeari berari zuzenduak egon ohi dira, barrura begirakoak dira, eta beraz eztabaidak eta tailerrak itxiak izan ohi dira. Baina ekimen hau herritarren aurrean eta herritarrekin egin nahi genuen. Ikasketa egun horien filosofia oso irekia izango da. Gaurkotasunari loturiko zortzi eztabaida eta tailer egingo dira», azaldu du Juaristik.

Brexit-aren ondorioei, Europaren militarizazioari, ezkerraren erronkei… buruz hausnartuko dute jardunaldien irekieran, ekainaren 6an. Aurkezpena Gabi Zimmerrek, GUE/NGL taldeko presidenteak, eta Juaristik berak egingo dute. Mahai inguruan IU, Syriza eta Sinn Feineko eurodiputatuak izango dira, baita GARAko zuzendaria den Iñaki Soto ere.

Egun berean, etorkinen eta errefuxiatuen krisialdian Europak duen jarrera aztertuko dute hainbat aditurekin. Ekintzaileen lekukotasuna hurbiletik ezagutzeko tartea ere egongo da eguerdian egingo den tailer irekian. Bertan, Lesbosen ia urtez erreskate lanetan iblitako Jose Pastorrek Mediterraneoan gertatzen ari denaren erradiografia «krudela» egingo du. Egun, Libiako kostaldean dago sorosle bezala gobernuz kanpoko erakunde batekin.

Gure Esku Dago, Bake Bidea, Otegi, kooperatibak...

Ondoren, Gure Esku Dago eta Bake Bidea esperientzien berri izango dute, baita parte hartze politikoaren eta erakundeen arloan egon diren bestelako esperientziak. Donostiako alkate ohi Juan Carlos Izagirreren eta Iruñeako alkate Joseba Asironen hitzartzea aurreikusita dago, nahiz eta oraindik agenda arazoak direla medio ez duten baieztatu parte hartu ahal izango dutenik.

Euskal Herriko bake prozesuaren berri jasotzeko, Aieteko Jauregian, Arnaldo Otegik egungo egoeraren mapa marraztuko die eurodiputatuei. «Aieteko Adierazpenetik hona egin dena eta ez dena azalduko die. Beraiek interes handia dute Euskal Herrian gertatzen denarekin eta prozesuarekin, are gehiago, apirilaren 8an gizarte zibilak bultzatuko armagabetze prozesuaren ondotik».

Ekainaren 7an, Arrasatera joango dira eurodiputatuak kooperatiben errealitatea ezagutzeko. Donostiara bueltan, lanpostuak nola sortu, teknologia berdeak, murrizketak, gutxieneko soldata, osasun zerbitzuak… aztertuko dituzte.

«Europak bizi duen bidegurutze honetan, beste Europa bat eraiki nahi dugu eta Study Days hauek kontinentearen erradiografia gaurkotua egitea baliatu nahi ditugu», nabarmendu du Juaristik.