NAIZ
MILAN

Azken etapako erlojupekoaz baliatuta, Tom Dumoulinek irabazi du Italiako Giroa

Ez du etapa irabazterik lortu, baina bai sailkapen nagusia. Azken eguneko erlojupekoaz baliatu da Tom Dumoulin herbeheretarra Italiako Giroa irabazteko. Nairo Quintana eta Vincenzo Nibali, hurrenez hurren, igo dira podiumera. [Giroko sailkapen guztiak]

Tom Dumoulin, Monza eta Milan lotu dituen erlojupekoan. (Luca BETTINI/AFP)
Tom Dumoulin, Monza eta Milan lotu dituen erlojupekoan. (Luca BETTINI/AFP)

Aldeko zuen azken egunean 30km-tako erlojupeko bat Tom Dumoulin txirrindulari herbeheretarrak, are gehiago mendiko etapetan izandako atzerapen urriekin. Hala, eta pronostiko guztiak beteta, Monza eta Milan lotu dituen erlojupekoa baliatu du mendeurreneko Giroa eramateko.

Ez du etapa irabazterik lortu herbeheretarrak (Jos Van Endem izan da bizkorrena), baina minututik gorako aldera atera die bere aurkari nagusiei. Hauen artean Vincenzo Nibali italiarra izan da hoberena, baina ezin izan du Nairo Quintana kolonbiarra sailkapen nagusian aurreratu. Hala, kolonbiarra eta italiarra, hurrenez hurren, igo dira podiumera Dumoulinekin batera.

Thibaut Pinot eta Ilnur Zakarinek amaitu dute laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren, sailkapen nagusian. Bestelako elastikoei dagokionez, Fernando Gaviriak irabazi du esprinteko puntuek ematen duten elastikoa, Bob Jungelsek gazteen sailkapena eta Mikel Landak mendiko maillota.

Zazpi euskal txirrindularik hartu dute parte lasterketan. Hiru garaipen lortu dituzte (Gorka Izagirre, Omar Fraile eta Mikel Landa) eta, aurrez aipatu bezala, Landak mendiko sailkapena ere eraman du. Taldeka, berriz, Movistarreko txirrindulariak izan dira bizkorrenak.

Errepasatu Giroak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.