NAIZ
GASTEIZ

Arte garaikideak Gasteizen tokia izateko ARTgia aretoa aurkeztu du Irantzu Lekuek

Urtebete lanaren ostean abian da ARTgia aretoa, Irantzu Lekue artistaren azken proiektua. «Etengabeko eraikuntzan dagoena, gardena, malgua, non dena gerta daitekeen». Lekuek azaldutakoaren arabera, gune berri honen helburua da «sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa eragiteko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea xede».

Irantzu Lekue artistak jarri du martxan ARTgia egitasmoa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Irantzu Lekue artistak jarri du martxan ARTgia egitasmoa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Proposamen artistikoen hibridazioa aktiboki sustatzeko gunea da ARTgia, norbanakoen proposamenena, baina baita kolektiboena ere, hainbat arlotatik. «Ekoizpen artistikorako ez ezik, jendartearen eta herritarren ekoizpenerako tresna izango dena».

Sorkuntza artistiko eta kultura-kudeaketarako proiektua da Gasteizen aurkeztutakoa, baina baita «plataforma bat ere, topagune eta erakustoki». Horretarako, sorkuntza artistikoa kudeatzeko eta antolatzeko bestelako ereduak ikertzeko apustua egiten du, estrategia berritzaileen alde eginda, parte-hartzea sustatzeko bideak bultzatzeko, «sorkuntzaren, arte-erabiltzaileen eta jendartearen arteko harresi -orain arte- zeharkagaitza hautsiko duten bideak». Hau da, lankidetzan ardazturiko filosofia oinarri, bere baliabideak osatzen ditu ibilbide eta jatorri desberdinetako sortzaileen arteko truke-faseekin eta, hala, «sortzeko, antolatzeko eta jendartearen eta ekintza artistikoaren arteko harremanetarako bestelako formulak bilatzen ditu». Truke, hibridazio eta elkarrizketa artistikorako tokia, artistentzat, sortzaileentzat, kultur eragileentzat eta oro har jendartearentzat, erdigunean sormena, ikerketa, esperimentazioa, berrikuntza eta hedapen artistikoa jarrita.

Behar bati erantzun nahi dion espazioa dela azpimarratu du Lekuek, «Gasteizek kultur sorkuntzarako horrelako lekua behar zuela erakusten digutelako egunotan jasotako proposamenek». «Gaur aurkezten dugu, gaur ematen dugu publikoki ezagutzera baina gaur arte hainbat dira hartu dituen ekimenak, tartean, Orainaldian ‘laissez faire’ trailerraren aurkezpena, Eusko Jaurlaritzaren ‘Ikertu’ egitasmoaren hainbat bilera edota Eider Bernaola argazkilariaren Ikuspegiak proiektuaren aurkezpen eta erakusketa Gauekoak eta Gasteizko Udaleko Gazteria zerbitzuaren eskutik».

Agenda lotzen ari dira baina momentuz hiru dira ekainerako antolatutako ekimenak: Eider Bernaolaren proiektua –ekainaren 9a bitartean–, Baigorrin Etxauzia Jauregian Lekue garatzen ari den ‘Arnasa 01’ serieraren aurkezpena –ekainaren 14an aurkeztuko dena eta ondoren Euskal Herritik bira egingo duena– eta Belen Nevadok burutuko dituen mikro-antzerkiak, ekainerako antolatu direnak. Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta. Finantziazioari dagokionez azaldu du bere apustu pertsonala dela. «Lokala erabat eraberritu dut eta jasotako laguntza bakarra ekintzailetza proiektu batetik jaso dut -1200 euro-».