NAIZ
DONOSTIA

Donostian 1936tik 1945era izan ziren giza eskubideen urraketak ikertuko ditu Aranzadik

Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostian 1936tik 1945ean giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonei buruzko ikerketa egingo du. Udalak diruz lagunduko du eta emaitzak 2019an aurkeztuko dituzte.

Eneko Goia alkatea, Juantxo Agirre eta Javier Buces Aranzadiko ordezkariekin. (DONOSTIAKO UDALA)
Eneko Goia alkatea, Juantxo Agirre eta Javier Buces Aranzadiko ordezkariekin. (DONOSTIAKO UDALA)

Aranzadi Zientzia Elkartea orain hasiko da ‘1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa’ izeneko proiektuarekin, eta 2017ko abenduan bukatuko du, Eneko Goia alkateak eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak jakinarazi dutenez.

Ikerketa honen helburu nagusia da Donostian jaio edota bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea, baita bertan jaio edo bizi ez ziren arren, urte horietan hirian giza eskubideen urraketaren bat jasan zutenak topatzea ere. Hala, historia pertsonalak ikertu eta dokumentatuko dituzte urte haiek bizi izan zituzten pertsonen lekukotasunak jasoko dituzte, baita gerraren edo Francoren diktaduraren ondorioz hil edo errepresaliatutakoen zuzeneko senitartekoenak ere.

Ikerketaren lehenengo fasean batez ere tokiko informazio iturriak aztertuko dituzte eta gero Estatu espainiarrera zabalduko dituzte iturri horiek. 

Azterketaren behin betiko emaitzak 2019ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dituzte.

Justizia eta erreparazioa

Ikerketa egiteko Donostiako Udalak 17.996,21 euroko laguntza emango dio Aranzadiri. Eneko Goiak nabarmendu duenez, ikerketa honi esker «zehaztasun handiagoarekin jakingo dugu Donostiako zein bizilagun errepresaliatu zituzten, 1936tik 1945era».

«Egiaz zer gertatu zen bilatzea eta zabaltzea, oroimen kolektiboan txertatu ahal izateko, eta gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak nozitu zituztenei justizia egitea eta erreparazioa ematea konpromiso utziezinak dira edozein erakunde demokratikorentzat», erantsi du.