NAIZ
BAIONA

DNA frogak egiteari uko egin zion Ortzaizeko laborariari arrazoia eman dio Estrasburgoko Auzitegiak

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu frantsesa zigortu du, DNA frogak egiteari uko egin zion laborari baten bizitza pribatua «neurriz kanpo kaltetzeagatik». Guztira sei mila euro ordaindu beharko dizkio, eragindako kalte moralengatik eta prozeduraren gastuei aurre egiteko.

Jean-Michel Ayçaguer, Baionako auzitegian, epaiketa izan zenean.
Jean-Michel Ayçaguer, Baionako auzitegian, epaiketa izan zenean.

Jean-Michel Ayçaguerre Ortzaizeko nekazariari arrazoia eman dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta Estatu frantsesak hiru mila euro eman beharko dizkio eragindako kalte moralengatik eta beste hiru mila prozedura judizialaren gastuak ordaintzeko, Kazeta.eus-ek berri eman duenez.

Auzia duela zazpi urte hasi zen. Ayçaguerreri, beste bost laborariri kartzela zigorrak eta isunak ezarri zizkieten Kako baserriaren jabegoaren defentsan hainbat ekintza sindikal egiteagatik. Ayçaguerre 2008an atxilotu zuten ekintza horietako batean eta DNA arrastoak hartu nahi izan zizkioten, baina berak uko egin zion. Baionako epaitegiak 500 euroko isuna ezarri zion 2010ean.

Bere abokatuak helegitea aurkeztu zuen Pauen eta epaitegiak zigorra berretsi zuen. Orduan, Estrasburgora jo zuen Ayçaguerrek eta honek arrazoia eman dio. Bere bizitza pribatua «neurriz kanpo kaltetzeagatik» kondenatu du Estatu frantsesa.

Anne-Marie Mendiboure abokatuak «oso pozik» daudela adierazi du eta ELB sindikatuak, berriz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia «garaipen ederra» dela nabarmendu du. «Ekintza sindikalen kriminalizazioa ezin da onartu, ezta jendeen fitxategi masiboa ere», esan du ohar batean.

ELBren iritziz, epaia aitzindaria izan daiteke beste hainbat auzirentzat. «Europako justiziak dio gizarte demokratiko batean horrelako neurriak ez direla beharrezkoak», erantsi du.