NEREA GOTI
MUNGIA

Lauaxeta omendu dute Mungian, fusilatu zutenetik 80 urte igaro direnean

Estepan Urkiaga Lauaxetaren omenezko ekitaldia izan da Mungian, faxistek Gasteizen fusilatu zutenetik 80 urte betetzen direnean. Lore eskaintza egin diote ordezkari politiko eta senideek olerkariari, eta Lauaxeta berak zein Joseba Sarrionandiak bere inguruan idatzitako pasarteak irakurri dira.

Ordezkari instituzional eta senideek omendu dute Lauaxeta. (ARGAZKI PRESS)
Ordezkari instituzional eta senideek omendu dute Lauaxeta. (ARGAZKI PRESS)

Mungiako hilerri zaharrean egin dute igande honetan Estepan Urkiaga Lauaxetaren omenezko ekitaldia. Laukizen jaioa, gazte zela joan zen Mungiara bizitzera olerkaria, eta Lauaxeta ezizena bizi len lekutik datorkio.

2005ean bere jaiotzaren urteurrena omentzeko egin zitzaion hilobi bereziaren aurrean izan da ekitaldia. Bertan izan dira olerkariaren senideak, baita zenbait ordezkari instituzional ere, hala nola: Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua edota Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. EH Bilduren Gasteizko Legebiltzarreko zein Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak ere ekitaldian izan dira.

Txalapartarekin doinuek lagunduta, aurreskua eskaini diote Lauaxetari eta, era berean, dantzaz eta bertso musikatuez lagundu dute ekitaldia. Olerkariak berak eta Joseba Sarrionandiak bere inguruan idatzitako pasarteak ere errezitatu dituzte.

Gasteizen ere ekitaldia

Faxistek Gasteizen fusilatu zuten Lauaxeta eta, ondorioz, bertan ere egin diote omenaldia. Lore eskaintza egin dute olerkariaren omenez Arabako hiriburuan dagoen bustoan, eta bertan izan dira, besteak beste, Gorka Urtaran hiriburuko alkatea eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariak.

Lore eskaintza egin ostean minutu bateko isilunea egin dute, txistulari batek Agur Jaunak jotzen zuen bitartean. Omenaldia bertaratutako lagunen txalo zaparrada batekin amaitu da.

Hedabideei egindako adierazpenetan, 1936 eta 1977 urteen artean fusilatuak izan ziren 200 lagun inguru ekarri ditu gogora Urtaranek, eta Lauaxetari eginiko omenaldia eurentzat ere badela adierazi du.

«Memoria historikoaren omenaldi bat izan da, iraganean jazo zena ezagutu eta aitortzeko balio duen omenaldia. Baina, batez ere, etorkizunean errepikatu ez dadin aldarrikatzeko balio izan du, baita euren identitatea defendatzeagatik fusilatuak izan diren biktimen memoria erreparatzeko ere», azaldu du Gasteizko alkateak.