Maite UBIRIA
BAIONA

Gatazkaren konponbidearen aldeko konpromisoa areagotzeko deia egin du EH Baik

«Apirilaren 8ak ezarri zuen mugarria» gainditutzat emateko arriskuaz ohartarazi du Euskal Herria Baik. Baionan eginiko agerraldian, armagabetze eguna aurrerapausu handia izanik ere, «horrek ez dituela gatazkak utzitako ondorioak guztiak konpontzen» oroitarazi du. Hartara, azken hilabetetan izandako epaiketak, zeinetan «hainbat euskal militanteei zigor gogorrak ezarri dizkieten», edota Josu Urrutikoetxearen neska-lagunak, Agnès Cerlok, pairatzen duen etengabeko polizia jazarpena salatu ditu koalizioak. 

Anita Lopepe eta Jakes Bortairu EH Baiko ordezkariak, Baionan egin duten agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Anita Lopepe eta Jakes Bortairu EH Baiko ordezkariak, Baionan egin duten agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Euskal Herria Baik jakitera eman duenez, Josu Urrutikoetxearen neska-lagunak, Agnès Cerlok, lokalizazio gailu bat atzeman zuen apirilaren hasieran bere autoan. Handik egun batzuetara salaketa aurkeztu zuen Baionako prokuradorearen aitzinean.

Parisek azkenaldian «iraganeko praktika eta keinuak biderkatu dituelako» bere arrangura azaldu dute Jakes Bortairu eta Anita Lopepe EH Baiko ordezkariek.

Hala nola, hainbat euskal militantek jaso dituzten zigor handiak aipatu dituzte. Horien artean, gatazkaren konponbidearen ikuspegitik bereziki adierazgarria delakoan, Josu Urrutikoetxeari «Oslon negoziaketa prozesu batean parte hartu izanagatik» ezarritako 8 urteko kartzela zigorra nabarmendu dute EH Baiko bozeramaleek.

Horrekin batera, Macron presidenteak larrialdi egoera betikotzeko duen egitasmoa salatu du EH Baik. Askatasunen murrizketa eta lan militantearen kriminalizazioa dakartzaten neurriak lege arruntean sartzeko asmoa oso larritzat jo dute. 

Ezohiko testuinguru horretan, FIJAIT fitxategiaren gehiegizko erabilpena gogorazi dute EH Baiko kideek eta euskal preso politiko ohiak «islamiar erasoak ekiditea xede duen fitxategian sartu izana» irmoki kritikatu dute. 

Frantziako hauteskunde legegileak amaiturik, bai Macron presidentearen Gobernuari baita Euskal Herrian hautatuak izan diren 3 diputatuei gatazkari konponbide integrala emateko dituzten asmoak argitzeko deia egin diete ordezkari abertzaleek.

Euskal Herriko eragileei, berriz, Apirilaren 8ko izpirituan, urrats berriak emateko, besteak beste, euskal presoen auzian, gonbita egin diete

EH Baik behar argia ikusten du ondoko hilabeteetan presoen aldeko ekimenak bizkortzeko. Ildo horretan, heldu den abenduaren 9an Parisen izanen de martxari begira karriketan mobilizazioak azkartzeko konpromisoa bultzatuko du EH Baik.