NAIZ
DUSSELDORF

Geraint Thomas garaile Ion Izagirre Tourretik kanpo utzi duen erlojuaren aurkakoan

Hasiera beltza euskal zaleentzat Tourrera anbizio handienarekin joana zen Ion Izagirrek utzi egin behar izan baitu lasterketa bihurgune zail batean erori ostean. Bertan erorita utzi du Tourra Alejando Valverdek ere. Geraint Thomasek irabazi du eta Froome izan da faboritoetan onena.

Ion Izagirre erlojuaren aurkakoa hasi baino minutu batzuk lehenago. (@Bahrain-Merida)
Ion Izagirre erlojuaren aurkakoa hasi baino minutu batzuk lehenago. (@Bahrain-Merida)

Egun tristea euskal txirrindularitzarentzat Tourrera lehen aldiz lider gisa joan den Ion Izagirre lasterketatik kanpo geratu baita bihurgune zail batean erori ostean. Hortxe bertan erorita utzi du Tourra Alejandro Valverderek ere minutu batzuk lehenxeago. 

Estreineko erlojuaren aurkako lanari dagokionez Geraint Thomas izan da nagusi eta faboritoen artean Chris Froomek aurtengoa irabazteko ere hautagai nagusia bera dela erakutsi du lehian izango dituenei tartetxoa eginez. Porterik 35 segundo atera dizkio eta 36 Nairo Quintanari, 39 Bardeti, 40 Fabian Aruri eta 42 Contadorri.

Euskaldunen artean azkarrena Jonathan Castroviejo izan da, getxoztarrak 15. egin du 20 segundo soilik galduta. 

Bihar 203.5 kilometroko etapa izango dute Dusseldorf eta Lieja artean eta oro har etapa laua izango da. Hasieran dute 4. mailako konkor txiki bat eta amaieran antzeko beste koskatxo bat, amaieratik 20 kilometrora. 

Astelehenean, berriz, mendi altuegirik gabe baina muino dezente izango dituzte txirrindulariek 212 kilometroko ibilbidean. Azken 15 kilometroetan bi, 4. mailako kilometro eskaseko bat eta ohiko balizko esprint bat zapuztu dezakeen azken malda bat.