NAIZ
ZUBIETA

Zubietan gasa sartzeko obrei baimena ez emateko eskatu diote Donostiako Udalari

Erraustegirako, espetxerako eta Eskuzaitzeko industriagunerako gasa sartzeko obrei baimena ez ematea eskatu diote Donostiako Udalari Zubietako Herri-Batzarrak eta Usurbilgo Udalak. Bertakoei kalte ugari eta zerbitzuen desagerpena eragingo diela eta ez dietela ezer adierazi salatu dute, biztanleekin batera.

Zubietako Herri-Batzarrak, Usurbilgo Udalak eta bertako biztanleek egin duten agerraldia. (USURBILGO UDALA)
Zubietako Herri-Batzarrak, Usurbilgo Udalak eta bertako biztanleek egin duten agerraldia. (USURBILGO UDALA)

«Erraustegirako, espetxerako eta Eskuzaitzetako industriagunerako gasa sartzeko asmotan, Usurbil eta Zubieta arteko errepidea itxiko omen dute bi hilabetez. Dirudienez, uztail eta abuztuan egingo omen dituzte azpiegitura lanak. Dirudienez diogu, izan ere, ez Zubietako Herri-Batzarrak ez Usurbilgo Udalak ez dute horren berri zehatzik jaso. Bide hori erabiltzen duten zerbitzu-enpresek ere (hondakin-bilketa, garraioa edo posta, adibidez) ez dute inolako jakinarazpen ofizialik jaso. Herritarrek ez dakite ezer. Bidea itxi dute, eta kalte handia eragin digute gure eguneroko bizimoduan: ohiko ibilbideak itxi dizkigute, larrialdiren bat gertatuz gero ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik, hondakinak non utzi eta nola jaso ez daukagu, garraio publikoa murriztu eta trakestu egin dute, eta abar», salatu dute Zubietako Herri-Batzarrak eta Usurbilgo Udalak.

«Kalte horiek jasango ditugunok ez dakigu ezer. Donostiako Udalak baimena eman du nonbait, baina ez gaitu aintzat hartu, beste behin ere. Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz», nabarmendu dute.

Obraren eremua bi udalerri ukatzen ditu: Donostia eta Usurbil. Usurbilgo Udalak, teknikariek txostenetan oinarriturik, baimena ukatu zuen. Donostiako Udalari obrak egiteko baimenik ez emateko eskatu diote, baina ez du oraindik erantzun.

Horrenbestez, obra hau geldiaraztea eskatu dute dugu, hiru erakundeen arteko irtenbide egokia adostu, eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte. Xabier Arregi, Usurbilgo alkatearen esanetan, «ez da onargarria egiten ari direna, errespetu falta izugarria da. Eurena bakarrik inporta zaie, eta besteon eguneroko bizimodua, bost axola. Nazkatuta gaude».