NAIZ
BILBO

Euskal emotikonoak erabiltzeko aplikazioa sortu dute, Euskalmoji

Bilboko lau gaztek sorturiko EuskalMoji izeneko aplikazio berria jada eskuragarri dago Android eta iOS plataformetan. Doako aplikazioa da, euskal emotikonoak teklatuan sartzeko aukera ematen du eta berehalako mezularitzako edozein aplikaziotan (WhatsApp, Telegram eta abar) zein sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram...) erabili daiteke.

Euskalmojik eskeintzen dituen ikonoetako batzuk. (EUSKALMOJI)
Euskalmojik eskeintzen dituen ikonoetako batzuk. (EUSKALMOJI)

Bere sortzaileek azaldu dutenez, orain argitaratu den lehen bertsioan sei gai desberdinetan elkartutako 60 emotikono desberdin baino gehiago bildu dira: emakumezko edo gizonezko pertsonaiak edota futbol taldeak (Athletic, Real, Alaves, Osasuna eta Eibar).

Beste gai bat Euskal Herriko jaien ingurukoa da (San Fermin, Zeledon, Marijaia, Olentzero edo Donostiako Danborrada), eta gastronomiaren kategoria ere garatu da, pintxoaren, taloaren, karolinaren edo kalimotxoaren irudiak islatuz, besteak beste.

Sinbolo tradizionalak ere sartu dira (ikurrina, eguzkilorea, lauburua, sirimiria, dantzariak) edo euskal adierazpen alai tipikoak («zorionak», «aiba la ostia», «kaben zotz»). Garatzaile taldeak euskal emotikonoen katalogoa handituko du sare sozialen bidez erabiltzaileek bidaltzen dituzten proposamenekin.

Azken hiletan, Euskalmoji proiektuan, Roberto Garridok iOS gailuentzako garapena egin du, eta Ivan Petrelek Androiden garapena. Bilboko Tellmewow marketing digitalean espezializatutako agentziak proiektuaren komunikazioa darama.

«Gaur egun, jendea bere sare sozialetako emotikonoak erabiltzen ohitu da sentimenduak islatzeko», adierazi du Isabel Liebana Tellmewoweko bazkide eta zuzendariak. Bere iritziz, «Euskal Herrian ditugun tradizio, ikono eta hurbiltasun hori islatzeko emotikono hauek behar genituen».