NAIZ
LEKEITIO

Preso eta iheslarien itzulera aldarrikatu dute Uda Kalera Martxako kideek Lekeition

Preso eta iheslariek Euskal Herrira itzultzeko eskubidea aldarrikatu dute Uda Kalera Martxako kideek gaur Lekeitiora iritsi direnean. Oinez ezezik barkua ere erabili dute gaur ibilbidea betetzeko.

Martxistak Urdaibai barkuz zeharkatzen. (KALERA)
Martxistak Urdaibai barkuz zeharkatzen. (KALERA)

Bermeo utzita, itsasontziz pasatu dira Urdaibairen bestaldera Uda Kalera Martxan parte hartzen ari direnak, Laidako hondartzara. Urak bare ziren, baina gogotik abestu dute ‘Txikia’ abestia («harro hadi kantauri itsasoa!»), inguruan zuten aldartearen erakusle.

Laidatik ibiltzen hasi orduko, konplot kosmikoa, nola ez: euria! Umeak furgonetetan sartu dituzte. Edatetuenek, berriz, aurrera jarraitzeko kemena erakutsi dute eguraldi kaxkarrari aurre eginez!

Bizkaiko kostaldeko paraje hauek ez dira ezagunak martxako ibiltari askorentzat. Leku zoragarriak dira benetan. Aurkikuntza paregabea izan da askorentzat, Euskal turismoaren masifikazioaz eta horren ondorioez hitz egiten da azken aldian. Baina Ean, esaterako, ez dute horrelakorik ikusi. Aurrerantzean herri horrek orain arte bezala jarrai dezan espero dutela adierazi martxista ugarik. Gainera denbora luzean ahaztuko ez duten harrera egin digute.

Lekeitiora iritsitakoan, kalejira eta guzti hartu dituzte Arbazan. Han ere jende mordoa bildu da presoak eta iheslariak kaleratzeko eskatuz. Gaur barikua da, ostirala, eta jai-giroa igartzen da. Batek baino gehiagok erakutsi du gaur gauean parrandarako asmoa, biharko etapa motzagoa dela ikusita. Bihar, lehen orduan, batzuen aurpegia ikustekoa izango da!