NAIZ
LAKUNTZA

Chioseko errefuxiatuentzat janari bilketa egingo dute Hatortxun, Zaporeak taldearekin elkarlanean

Hatortxu Rock elkartasun jaialdia izaki, edizio berezi honetan ere elkartasunak ez duela mugarik erakutsi nahi dute eta horretarako Zaporeak proiektuarekin elkarlanean janari bilketa egingo dute jaialdiak iraungo duen lau egunetan, Chios irlako errefuxiatuen kanpamenturako.

Hatortxuko eta Zaporeak elkarteko ordezkariak, gaur Lakuntzan. (HATORTXU ROCK)
Hatortxuko eta Zaporeak elkarteko ordezkariak, gaur Lakuntzan. (HATORTXU ROCK)

Hatortxu Rockek iraungo duen lau egunetan eskaintza anitza izango da Lakuntzan, eta horren baitan elkartasunak ez duela mugarik erakutsi nahi dute antolatzaileek. 

Hala, janari bilketa egingo dute, Intxaurrondoko Zaporeak proiektuarekin elkarlanean. Hatortxuko antolakuntzak ohar batean azaldu duenez, aurten kanpalekua egongo dela baliatuko dute bilketa egiteko, eta jasotzen duten janaria Zaporeak-eko kideek Chios irlako errefuxiatuen kanpalekura eramango dute.

Igandean, jaialdiaren azken egunean, kanpalekuaren sarreran Zaporeak elkarteko hainbat kidek postu bat jarriko dute kanpin dendak biltzen ari direnen artean soberan duten janaria biltzeko.

Janari soberakinak ez botatzeko deia

Ekimen honen bidez Hatortxuk elkartasuna adierazi nahi die eta bere ekarpena egin Greziako kanpamentuetan pilatuta dauden errefuxiatuei janaria helarazteko. Hori dela-eta, Lakuntzara joaten direnei janari soberakinak ez botatzeko eta Zaporeak elkarteko kideei emateko deia egin diete.

Zaporeak Intxaurrondoko Talde Gastronomikoko hainbat lagunek martxan jarritako proiektua da eta gastronomia eta elkartasuna uztartuz beharra duten pertsonei laguntzea du helburu.