NAIZ
ZIERBENA

Zierbenan irabazita arnasa hartu du Urdaibaik

Hondarribia gerturatzen ari zitzaion sailkapen nagusian, eta horrek urduritasuna hedatzen hasia zuen bermeotarren ontzian. Zierbenan irabazita, baina, arnas pixka bat hartzeko aukera dute Urdaibaiko arraunlariek.

Urdaibaiko arraunlariak, bandera eskuan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Urdaibaiko arraunlariak, bandera eskuan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Eguraldi kaxkarra aurkeztu du igande honetan Zierbenak Eusko Label Ligaren baitako Petronor bandera jasotzeko. Euria egin du Bizkaiko kostaldean, baina ez da haize handirik altxatu; haizea dute aurkari nagusi arraunlariek.

Lehenengo txandari dagokionez, aipatu Astillerok Aresen aurretik amaitu duela. Sailkapen nagusiko azken postuan, gero eta bandera gutxiago dituzte aurretik Astilleroko arraunlariek Aresi aurre hartu eta zuzeneko jaitsiera ekiditeko.

Bigarrenean, berriz, Zierbena izan da jaun eta jabe. 24 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Tirani, eta horrek bandera bera lehiatzeko aukerak eman dizkio. Azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute baina.

Urdaibai izan da bizkorrena ohorezko txandan; alta, Petronor bandera irabaztea lortu du. Gertu izan dituzte hondarribiarrak -hiru segundotara- eta kale egin du gaur Oriok txandako laugarren postuan amaituta, Kaikuren atzetik.

Sailkapen nagusian Urdaibaik jarraitzen du lehenengo postuan (111 puntu), Hondarribia baino lau puntu gehiagorekin (108). Atzeraxeago agertzen da Orio, 99 punturekin, nahiz eta hiruek bandera kopuru bera irabazi dute gaur-gaurkoz Eusko Label Ligan (3). Erregulartasunak, baina, Urdaibai saritu du, lehen postura altxatuz. Atzeko partean, Astillerok eta Aresek jarraitzen dute azken postua saihesteko borrokan.