NAIZ

Sky taldean arituko da Jonathan Castroviejo datozen hiru denboraldietan

Jonathan Castroviejo bizkaitarra Sky taldearen koloreekin arituko da 2020ra bitarte. Hala iragarri du Chris Froomen taldeak. Sei urte eman ditu Movistarren getxoztarrak.

Jonathan Castroviejo Skyn arituko da 2018tik aurrera. (PASCAL GUYOT / AFP)
Jonathan Castroviejo Skyn arituko da 2018tik aurrera. (PASCAL GUYOT / AFP)

Jakina zen Movistar utziko zuela eta Sky taldeak bere aldeko apustua egina zuela, baina gaur konfirmatu du talde britaniarrak Jonathan Castroviejo eurekin arituko dela datorren denboralditik aurrera. Hiru urteko kontratua sinatu du txirrindulari bizkaitarrak.

«Mundu guztiak ezagutzen du taldearen indarra eta zeinen garrantzitsua izan den talde izaera hori arrakastak lortzeko. Horren parte izateko irrikitan nago, nire jakintza eman eta gauza berriak ikasi», adierazi du erlojupekoaren kontrako espezialistak.

2008an egin zuen debuta Orbearekin. Euskaltel-Euskadira egin zuen salto 2009an eta bertan hiru urte egon ondoren, Movistarren bizi izan ditu azken sei denboraldiak. Iaz izan zuen denboraldirik onena Castroviejok Joku Olinpikoetan laugarren tokian sailkatuz eta munduko txapelketan brontzezko domina bereganatuz. Bi kasuetan, erlojuaren kontrako lanean.

Sky taldeak ere goraipatu ditu emaitza hauek eta Castroviejoren lana: «Lasaitasuna mantentzen daki eta une bakoitzean zer egin behar den erabakitzen ona da», adierazi du Skyko entrenatzaile Xabier Artetxek. Castroviejok Chris Froomen mesedetan egin beharko du lan, zeinek 2018an bere bostgarren Tourra irabazteko aukera izango duen.