NAIZ
BILBO

Altsasuko gazteen kasua zabaltzeko eskatu dute senideek Bilbon

Altsasuko gazteen gurasoek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Aste Nagusiaren baitan. Bertan, gazteen egoera salatzeaz gain, hilabete guzti hauetan jasotako babesa eskertu dute. Hala ere, «zentzugabekeria hau gelditzeko» milaka lagunen aldarrikapena beharrezkoa dela azpimarratu dute eta kasua zabaltzeko eskatu diote gizarteari.

Altsasuko gazteen senideek elkarretaratzea egin dute Bilbon. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Altsasuko gazteen senideek elkarretaratzea egin dute Bilbon. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Altsasuko gazteen senideek, Bilbon, Aste Nagusiaren baitan egindako elkarretaratzean, kasua geldiarazteko beharra adierazi dute. Eta horretarako «kasua zuzentasunez jorratzeko, proportzionaltasuna eta justizia nagusi izan daitezen», kasua bakoitzak ahal duen moduan zabaltzeko eskatu diote gizarteari.

«Jakitun gara gure borrokari eusteko barre egitea eta ondo pasatzea beharrezko dugula, nahiz tokatzen ari zaigun bidaldi honetan bidegabekeriak eta zentzugabekeriak izugarrizko mina ematen diguten eta, horregatik, une latzenetan ere, ez dugu Mari Jaiaren aurpegia ahaztuko», adierazi dute Altsasuko gazteen gurasoek, Bilbon, Aste Nagusiaren baitan egindako elkarretaratzean.

Bilboko udaletxe aurrean elkartu dira Altsasuko gazteen senideak. Euren seme-alabak jai giroan izandako liskar baten ondorioz epaituko dituztela ekarri dute gogora. «Egun, Jokinek, Adurrek eta Oihanek festak gozatzen egon beharko lukete, aitzitik, beren etxeetatik 500 kilometrotara urruti daude, Extremeran, Aranjuezen eta Navalcarneron, hain zuzen ere», gogorarazi dute. 

Honen aurrean, mezua ahalik eta txoko gehienetara zabaltzea eskatu dute: «Kontatu iezaiezue munduko edozein bazterreko senide, ezagun eta lagunei Altsasuko hamaika gazteei, beren familioi eta herri oso bati biziarazten ari zaizkiguna azkeneko hamar hilabeteetan. Gure seme-alabak feria-egun batean parrandan atera ziren eta terrorista bihurturik etxeratu ziren. Interes ulertezinek terrorista bihurtu gaituzte».

Orain arte elkartasuna izan dute motore, baina hemendik aurrera beharra handiagoa dela azpimarratu dute: «Epaiketa prestatzeko hilabete gogorrak etorriko dira, eta, orain arte ikusten ari garena ikusita, justizia-bermerik egongo ote den zalantza handiak dauzkagu; horregatik, justizia gailendu dadin borrokan segituko dugu».