NAIZ
AZKOITIA

Pasa den asteartean adin txikiko neska azkoitiar bat bortxatu zutela salatu du Sostenipe talde feministak

Hilaren 15ean izan zen bortxaketa, Sostenipe talde feministak jakinarazi duenez. Bart iluntzean hiru egun beranduago izandako beste sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute Azkoitian.

Hilaren 18an izandako beste erasoa salatzeko elkarretaratzea atzo Azkoitian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Hilaren 18an izandako beste erasoa salatzeko elkarretaratzea atzo Azkoitian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Hilaren 18an izandako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin eta gutxira jakinarazi du Sostenipe talde feministak hiru egun lehenago adin txikiko neska azkoitiar bat bortxatu egin zuela mutil azkoitiar batek. Neskak bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duela nabarmendu dute baina «gertaera larri hau salatu nahi izan du eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu», dio taldeak Maxixatzen.eus-en argitaratutako oharrean. Babesa eta elkartasuna adierazi die neskari eta bere familiari.

Atzo bertan hiru egun beranduago izandako sexu eraso bat salatzeko protesta jendetsua izan zen Azkoitian ‘Erasorik ez erantzunik gabe’ lelopean. Azken eraso honen harira, Ertzaintzak erasotzailea identifikatu duela jakinarazi du. 

Bi atxilotu Gasteizen eta Bilbon

Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 24 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean izandako eraso baten ostean. Bere bikote ohia eta azken honen gaur egungo bikotea jotzea egotzi diote. Bizilagun batek deitu zuen Polizia, gizon bat bere bikote ohia jotzen ari zela salatuz. 

Bilbon beste gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak ostiralean, bikotea jotzeagatik. Atxiloketaren ostean, eta ospitaletik igaro ondoren, salaketa jarri du emakumeak bikotearen aurka.