NAIZ
BILBO

Presoen etxeratzea gauzatzeko bide orri adostu baten alde manifestazioa ostiralean Bilbon

Kalera Kalera dinamikak ostiralean Bilbon (12.30) manifestazioa deitu du. Goizean egindako agerraldian eragile eta instituzioen artean adostutako bide orri bat osatzeko beharra azpimarratu du, «mobilizazioa ezinbestekoa da EPPK babestu eta estatuen posizioetan aldaketa eragiteko», adierazi dute bozeramaileek. 

Goizeko agerraldia Bilbon. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)
Goizeko agerraldia Bilbon. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)

Aste Nagusi betean da Bilbo eta honen baitan manifestazioa deitu du Kalera Kalera dinamikak heldu den ostiralerako (12.30 Eliptika plazatik). Hiriburu bizkaitarrean goizean egindako agerraldian «gatazkaren koponbidea preso, iheslari eta deportatuen etxeratzetik» datorrela azpimarratu dute.

Adostasunak erdiesteko deialdia egin dute: «Armagabetzearen kasuan bezala, beharrezkoa da bide orri bat adostea eragile eta instituzioen artean». EPPKren eztabaidaren ondorioak «urrats garrantzitsu eta ausarta» direla nabarmendu dute «euskal jendartearen eskaria jaso» duelako eta «gatazkaren ondorioak gainditzeko eta prozesu independentista indartzeko ekarpen nabarmena» egin duelako.

Bide horretan, gizarte mobilizazioa ezinbestekoa dela nabarmendu dute, «EPPK babestu eta estatuen posizioetan aldaketa eragiteko». Azken hilabeteotan Kalera Kalerak egindako ekimenak gogoratu dituzte; espetxeetarako martxak, Gernikatik Lakuntzara egindako ibilaldia eta herriz herri jai giroan izan diren mobilizazioak. «Mobilizazio hauek indartzen jarraitu beharko dugu», diote dinamikatik, eta Bilboko Aste Nagusiak jaia eta aldarrikapena beti lotu dituela aipatuta ostiraleko manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei.