NAIZ
BOIRO

Bezperako estropadaren arantza atera eta erakustaldia emanez irabazi du Urdaibaik Boiron

Iragan larunbat honetan bi puntu galdu bazituen Urdaibaik Hondarribiaren aurka, bat errekuperatu du igande eguerdi honetan Boiron (Galizian) lehiatu den estropadan. Erakustaldia emanez irabazi dute bermeotarrek.

Bou Bizkaia, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bou Bizkaia, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Boiron izan da Eusko Label Liga igande honetan, bertako XXVII. bandera lehiatzen. Ligak Galizian lehiatzen dituen azken estropada zen gaurkoa, eta eguraldiak eskaini dien giro umelari egin behar izan diote aurre arraunlariek.

Datorren ostegunean lehiatuko da Kontxako sailkatzen estropada, eta hari begi bat jarrita itsasoratu dira talde guztiak. Aresek, esaterako, aldaketa pila bat egin ditu, ligan zehar gutxien lehiatu direnei aukera bat emateko.

Baina ez die estrategiak nahi bezala funtzionatu gaur behintzat, eta azken postuan amaitu dute estropada. Ostegunera begira lehiatu ez dena jada maila galdua duen Astillero izan da, zalantzak baitaude Kontxan lehiatuko diren edo ez.

Cabo izan da lehenengo txandako irabazlea, eta gertu izan du San Pedro (+2). Bigarrenean, berriz, Zierbena nagusitu da, San Juan, Tiran eta Ondarroaren aurretik. Aldaketa dezente eginda itsasoratu dira ontzi hauek ere.

Ohorezko txandan berriz, susto gehiagorik ez duela nahi erakutsi du Urdaibaik, Boiroko estropada eremuan inoiz eman den denborarik hoberena eginez. Bederatzi segundo atera dizkio Hondarribiari, hamabi Kaikuri eta 28 gaur maila eskasa eman duen Oriori.

Hala, puntu bat berreskuratu dute bermeotarrek, eta 178 eta sei garaipenekin dira ligako lehenengo postuan. Hondarribiak, berriz, hiru puntu gutxiago ditu (175), bost garaipenekin.