«Euskararen lurralde osoan» izango da lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusia

Irailaren 23an hasi eta abenduaren 17an bukatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. edizioa euskararen zazpi lurraldeetan izango da aurrenekoz. «Bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa nagusia», adierazi dute antolatzaileek.

NAIZ|BILBO|12/09/2017 11:57|0 comentarios
Btn17
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpena, Bilbon. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan agerraldia egin du Bertsozale Elkartean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. edizioa aurkezteko. Uda aurretik iragarri zutenez, hilaren 23an abiatuko da txapelketa eta abenduaren 17an bukatuko da.

Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan egingo ditu geldialdiak txapelketako hamalau saioetan: Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo bisitatuko baititu.

«Ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan», azaldu du Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

43 bertsolari

Zehaztu dutenez, 43 bertsolarik, 18 gai jartzailek eta 20 epailek hartuko dute parte 17. edizio honetan. Antolakuntza taldeko Jokin Castañosek azaldu du Unai Iturriagak ez duela izena eman eta, finalista denez, ez du ordezkorik izango. Iñaki Gurrutxagak parte hartzeko aukerari uko egin dio eta haren ordez Felix Zubiak kantatuko du.

Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak. Finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira BECeko finalean.

Saioak arratsaldeko 17.00etan hasiko dira, finala izan ezik, eta, gainera, saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak ere antolatu dira herria bertsolaritzaz girotzeko. Esate baterako, Segurako final laurdenarekin batera, Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna egingo da irailaren 30ean.

Sarrerak salgai

Txapelketarako sarrerak dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian eskuragai daude. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak Bertsozale Elkarteko bazkideentzat soilik egongo dira salgai urriaren 2ra arte. Gainera, bazkideek bakarrik izango dute abonamendua erosteko aukera.

«Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu», nabarmendu du Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak.