NAIZ
BAIONA

Sudmine enpresako presidentearen etxe atarira eraman du Bizik urre meategiaren aurkako protesta

Sudmine enpresak Ipar Euskal Herrian ireki nahi duen urre meategiaren aurkako protesta egin du Seichbrieresen, Christian Vallier enpresako lehendakariaren etxe atarian.

Bizi mugimenduko kideak, Sudmine enpresako lehendakariaren etxe atarian. (@Bizimugi)
Bizi mugimenduko kideak, Sudmine enpresako lehendakariaren etxe atarian. (@Bizimugi)

Urre meateagiaren aurkako protesta Sudmine enpresako buruaren etxe atarira bertara eraman du Bizi mugimenduak. Kazetak eta Mediabaskek berri eman dutenez, goizeko 8.00ak aldera, kolektibo horretako hamazazpi kide Sudmineko lehendakari den Christian Vallierrek Paristik gertu (Seichbrieresen, Euskal Herritik 700 bat kilometrora) duen etxera joan dira eta, bertan lan egiten ari zirela antzeztuz, Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoak daukan jarreraren berri eman nahi izan diote: «Urre meategiei ez!».

Hilaren 16an mezu bera plazaratuko du Stop Mines kolektiboak Baionan egingo duen manifestazioan.

Sudmine enpresak bere proiektuarekin aitzina jarraitzen duenez, amalurraren defentsaren aldeko mezua etxe atarira eramanda interpelatu nahi izan du Bizik Vallier presidentea. Etxe hura enpresaren egoitza soziala ere bada.

Langilez jantzita, pala mekaniko eta guzti obra batzuk antzeztuta, meategiak izango lituzkeen ondorioez ohartarazi nahi izan dute. Herritarren artean ere eskuorriak banatu dituzte eta, gainera, herriko auzapezarekin bilera egin dute.

Ipar Euskal Herriko jendartearen nahia errespetatzeko eskatu dute eta, bide batez, 126 metro koadroko zabaleran urrea urrea esploratzeko baimera bertan behera uzteko exijitu dute.

Sudmineko zuzendari den Michale Lalouarekin ere mintzatzeko aukera izan dute Biziko kideek eta, besteak beste, afera honi lotuta Garapen Kontseiluak bidalitako gutunaren berri ez duela azaldu die.

Ondoren, Vitry-aux-Loges herrira hurbildu dira, bertako Geo Plus Environnement erakundeak urre meategiaren inguruko ikerketa burutu baitu.

Arratsaldeko 17.00etan tokiko gazta, erreximenta edota garagardoa bezalako produktuekin merienda egingo dute. Urre meategiak produktu horiek ere arriskuan jarriko lituzkeela ohartarazi nahi dute modu honetan.