Nerea GOTI

Euskal Memoria Fundazioak isilarazitako biktimen irudi hurbilen liburua kaleratu du

Euskal Memoriaren ‘Gogoan hartzeko izenak’ liburuak «isilarazitako» zenbait biktimen kasuak berreskuratzen ditu irudien bidez. Senideen heriotza izan zen tokira itzuli dira asko dioten argazkiak ateratzeko.

«Gogoan hartzeko izenak» liburuaren aurkezpena, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
«Gogoan hartzeko izenak» liburuaren aurkezpena, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Euskal Memoria Fundazioak ‘Gogoan hartzeko izenak’ argazki-liburua aurkeztu du Donostian. Protagonistak «Euskal Herriko gatazka armatua eta politikoan isilarazitako biktimak» dira. Horien artean, ehun bat kasu dokumentatzen ditu, «instituzioen indarkeria edo gerra zikinaren» biktimak izan zirenak, gerraren bukaeratik 2012an izan zen Iñigo Cabacasen heriotzeraino.

Lan honek ikuspegi berezi bat planteatzen du, testua badauka ere irudiak baitira liburuaren elementu nagusiak, hitzik bota gabe trasmititzen duten informazioa eta sentimentuen indar guztiarekin. Izan ere, Joseba Zabalza argazkilaria eta liburuaren egilea heriotzen lekura itzuli da biktimen senideekin eta heriotza gertatu zen lekuan bertan fotografiatu zituen, askotan oroigarri modura etxeetan urteetan gordetako oroigarri eta elementu bereziekin. GARAri azaldu dionez, helburua fotografiatu dituen «pertsonen bizipenetan sakontzea» izan da, «haiengana berotasun handiagoz hurbiltzea» eta «liburua hurbilduko direnen bihotza ukituko duen lan bat egitea».

Nabarmendu duenez, «ahaztutakoak agerian jartzea» da helburua eta erronka horretan oso karga emozional handia duten lekuetara itzuli da senideekin, heriotza izan zen lekuetara itzultzeko ariketa egin behar izan baitzuten senitartekoek.

Hala ere, zehaztu du liburuak bestelako irudi batzuk ere badituela, senideen albumetatik ateratako argazkiak agertzen baitira. Azaldu duenez, karneteko ohiko argazkiak erabili beharrean, biktimak nola ziren islatu nahi izan du familia giroko irudien bitartez edota eguneroko bizitzako irudiak baliatuz, «sokamuturretan, inauterietan...». Aipatu du «oso bitxia» den Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ren anaia eta amaren argazkia, biak ‘Simca’ baten bolantearekin agertzen baitira irudian. Azaldu duenez, aitak bolantea gorde zuen etxean semea desagertu zenean. Segoviako ihesaldian Auritzen hil zuten Oriol Soleren kasua ere aipatu zuen, bere ama emakume edadetuaren argazki hunkigarria aipatuz

Iñaki Egaña Euskal Memoriaren presidenteak azaldu duenez, liburua bada «omenaldi txiki» bat errekonozitu gabeko biktimei» eta haien aldeko «diskriminazio positiboa». Liburuaren aurkezpenean, Eneko Etxeberriak (‘Naparra’ren anaia) eta Itziar Salegik (1974an Guardia Zibilaren tiroek hildako Mikel Salegiren arreba) Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eskatu dute.