NAIZ
GASTEIZ

EAEko Hezkuntzaren aldeko Akordioa lortzeko eragileekin lehen bilera egin du Lakuak

Lakuako Hezkuntza Sailak abian jarri du, gaur eguerdiz, EAEn Hezkuntzaren aldeko Akordioa erdiestea bultzatzeko prozesua. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua buru izan duen lehen bilera honetarako gizarte nahiz hezkuntza eragile guztien ordezkaritzari egin zaio deia, 33 elkarte orotara. Irakaskuntzako patronal nahiz sindikatuek, bertatik bertara ezagutu dute Hezkuntza Sailak prestatu duen proposamena.

Lakuako Hezkuntzak antolaturiko bileraren irudia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lakuako Hezkuntzak antolaturiko bileraren irudia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Cristina Uriartek hezkuntza komunitate guztiaren artean akordioa sustatzearen beharra partekatu du bertaratutakoekin, zoru komuna definitzea helburu hartuta. «Euskal Hezkuntza Sistemaren oinarriak nahiz denboran iraungo duten printzipio iraunkorrak ezartzea» ahalbidetuko duen hausnarketa partekatua, eta goranahi handiagoko helburuak erdietsi ahal izateko erreferente bihurtuko dena, etorkizuneko Euskal Hezkuntzaren Legea, kasu.

«Azken urteotan hezkuntzan gertatu diren aldaketa sakonek komenigarri egiten dute hezkuntzaren inguruko ikuspegia eguneratu eta berritzea. Beharrezkoa da bikaintasunerako pasoak ematea, ekitatetik eta kalitateari eutsiz. Munduan hezkuntza bizi izaten ari den paradigma aldaketak bilakaera horri heltzea eskatzen digu guztioi. Gertatzen ari diren aldaketa sakonek –irakaskuntza nahiz ikaskuntza metodologietan aldaketak- euskal hezkuntza komunitatea osatzen duten ikuspegien aldetik analisia eskatzen dute. Elkarlana. Horregatik, Hezkuntza sailburuak ekimen honen izaera parte hartzailea azpimarratu du, eta parte hartze hori lanerako planteatu diren etapetan zehar sustatuko da», adierazi du Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak ohar batean.

Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk begi onez ikusi da Lakuak aurkezturiko kronograma. «Espainiar eta frantziar sistemen deskonexioa behar dugu», erantsi du.

Kristau Eskoletako zuzenari orokor Mikel Ormazabalek helburu hauen alde lan egingo dutela aurreratu du. Eusko Ikastola Batzak, Elizbarrutietako ikastetxeak eta Begoñako Andra Mari Majisteritzako Unbertsitate Eskolak ere antzeko jarrera izan dute.

LABek prozesuan jarraituko duen ala ez aztertuko du

«Hezkuntza sistema zaharkituta omen eta paradigma aldaketa bultzatzeko akordiorako eskua luzatu digu EAEko Hezkuntza Sailak eragileoi. LABek bat egiten du ideia nagusi horrekin, ereduaren agorpenarekin alegia, alta, eztabaida paradigma horren oinarrietan eta norabidean dagoela pentsatzen dugu. Eta bide horretan, aldaketa hori hiru zutaberen baitan eraikitzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu: nazio ikuspegia, burujabetza eta partehartzea», adierazi du LABek bilera baloratzeko ohar baten bidez.

«Hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Eta ideia horri jarraikiz, herriak batu, entzun, hitz egin, hausnartu eta adostasunak bildu behar dituelakoan gaude. Euskal Herriak hezkuntzan ere herri akordioa iruten hasi behar du. Herri akordio bat zeina, heziketa prozesuaren parte diren aktoreek saretuko duten. Eskuz esku hezkuntza formala, ez-formala eta informalak, herritarrek, ehunduko duten akordioa. Nazio ikuspegia oinarri eta helburu. Eta adostasunak blindatzeaz haratago, betikotuak diruditen korapiloak askatzen lagundu eta beste eredu berri baten bidean jarriko gaituena. Izan ere, segidismoaz haratago, sedizioan eta sedukzioan oinarritutako paradigma berria eraikitzea dagokigu», gaineratu du LABek.

LABek Hezkuntzan burujabetza beharrezkoa dela nabarmendu du ere eta «hurrengo egun eta asteetan, prozesu honeta parte hartuko dugun edo ez erabakitzeko ikusten dizkiogun alde ilunak argitzen saiatuko» direla gaineratu du.

Abenduaren 12rako greba deitu dute ELA, LAB eta Steilasek inbertsioa haunditzea, plantilak haunditzea eta Lomce eta Heziberri bertan behera uztea eskatzeko.