NAIZ

Instituzioak «interes alderdikoien mesedetan» ez erabiltzea eskatu dio EH Bilduk GHKri

Astelehenean izango den GHKko batzordean, Zubietako erraustegiaren eraikuntza gelditzea erabaki zuten agintariek epaitegietara eramateko proposamena aurkeztuko du Jose Ignacio Asensio diputatuak (PSE). Honen aurrean, Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari, aurregoko legealdian GHKko eta Foru Aldundiko agintariei, babesa agertu eta instituzioak eta epaitegiak ezin direla «interes alderdiokien mesedetan erabili» adierazi du EH Bilduk.

GHKk aurreko batean egindako bilkura. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
GHKk aurreko batean egindako bilkura. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Mendekua besterik bilatzen ez duen presidentearen burugabekeria baztertu eta zuhurtziaz jokatzea» eskatu die EH Bilduk GHKko kontseiluko kideei. Astelehenean egingo duten batzordean, PSEko diputatu Jose Ignacio Asensiok aurreko legealdian GHKko eta Foru Aldundiko agintari ziren Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta epaitegietara eramatea proposatuko du, Zubietako erraustegiaren eraikuntza gelditzeagatik.

EH Bilduren hitzetan «legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez jokatu zuten» agintari biek. «Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan».

Zentzu horretan, erabaki «berme juridiko guztiekin» hartu zela gaineratu du koalizioak ohar baten bidez. «Diru publikoa xahutzea ekiditeko» hartutako erabakia izan zela nabarmendu dute.

Koalizioak «administrazio publikoek herritarren eskubideak eta interesak defendatu behar dituztela» gogoratu die GHKko kideei. «Justizia eta kargu publikoak ezin dira helburu politiko eta pertsonalekin erabili», gehitu du.

Azkenik, Euskal Herriko instituzioei dagozkien erabakiak Euskal Herrian bertan hartzeko eskatu du eta «ez Madrileko epaitegien esku».