NAIZ
LESAKA

Nafarroa Oinez Lesakan: ikastolaren ereduari gorazarre eta hezkuntza eredu propioa aldarri

«Bikin batin» lelopean, ikastolaren eredua goraipatu eta hezkuntza eredu propio bat aldarrikatuz abiatu da aurtengo Nafarroa Oinez Lesakan. Euskararekiko errespetua aipatu dute Tantirumairu ikastolako zuzendariek, eta hizkuntzarekiko duen «konpromisoa» aipatuz erantzun du Uxue Barkosek.

Nafarroa Oinezen hasiera ekitaldia. (NAIZ.EUS)
Nafarroa Oinezen hasiera ekitaldia. (NAIZ.EUS)

10.00etan hasitako ekitaldiarekin eman diote hasiera aurtengo Nafarroako ikastolen eta euskaltzaleen festari. Lesakako Tantirumairu ikastolan egin dute aipatu ekitaldia, eta besteak beste, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea edota Aitor Irazoki ikastolako zuzendaria izan dira bertan.

Esker oneko hitzak izan dituzte ikastolako arduradunek Lesakara hurbildu diren guztientzat. Ikastolaren eredua goraipatu dute eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatu, «gure hizkuntzarekiko errespetuan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritua».

Barkosek ikastolek euskararen alde egindako lana goraipatzeaz gain, Nafarroako Gobernuak hizkuntzarekin duen konpromisoa ere azpimarratu du.

Estitxu Fernandez aritu da aurkezle lanetan eta Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak gidatu duten ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan da. Nafarroa Oinezeko kantuaren, bideokliparen eta urte osoan gauzatu den jardueren berri eman dute eta ikastolako bi gurasok intxaurrondo bat landatu dute, aurtengo logoari keinu bat eginez. Plazara Dantzara kantuaren doinupean antzerki txiki bat egin dute jarraian.

Ekitaldia amaitzean, ikastolatik abiatu dira agintariak, trikitilariekin batera ibilbidea egitera.

«Oso gustora» jasotako erantzunarekin

Joseba Lasarte Nafarroa Oinezeko koordinatzaileak Efe albiste agentziari eginiko adierazpenetan adierazi du jaia «inzidentziarik gabe» garatu dela; ondorioz, gustora agertu da ikastolen aldeko jaiak Lesakan eman duenarekin.

Hamarnaka mila lagun gerturatu dira Lesakara haren esanetan, antolatzaileek prestaturiko lau guneetaz gozatzera. Kontzertu, ikuskizun eta abarrak ikustera gerturatu diren horiek utzi duten dirua Tantirumairu ikastola handitzera bideratuko dute.