@Maite_Ubiria
BAIONA

Polizia-bortizkeriari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Zizpa gaztetxean

Hilaren 16tik 21era, polizia-indarkeria ardatz hartuta, jardunaldiak eginen dituzte Baionan. Euskal Herrian gertaturiko afera larriak jorratzeaz batera, Estatu frantsesean, hala nola baztertutako auzoetan, poliziek eginiko gehiegikeriak aztertuko dituzte hitzaldien bidez. Horren osagarriz, urriaren 19an, Medine rap kantariak kontzertua eskainiko du, 22.00etan.

Polizia indarkeria ezberdinak jorratuko dira jardunaldietan. (NAIZ.EUS)
Polizia indarkeria ezberdinak jorratuko dira jardunaldietan. (NAIZ.EUS)

Besteak beste, Popo Larre eta Jon Anzaren desagerpenak, GALek eginiko atentatuak, eta orohar frantziar Estatuaren ardurapean Euskal Herrian gertaturiko afera larriak dituzte hizpide, urriak 16an, 19.00etan antolatu solasaldian. Felipe Laskarai, Maritxu Paulus-Basurco eta Jakes Bortairuk hartuko dute hitza.

Begirada zabaltzea xede, urriaren 17an, 19.00etan ere, Caroline Guibet Lafaye CNRS-ko ikertzaileak polizia bortizkeriaren aurkako unibertsitateen kolektiboaren esperientzia jorratuko du. Urriaren 18an, badira hamar urte frantziar poliziak Donibane-Garaziko Kalaka ostatuaren aurka burutu zuen operazioa jorratuko dute jazartu zituzten herritarren lekukotasunen bidez.

Urriaren 20ean, aldiz, Assa Traorek hartuko du hitza. Iazko uztailean jendarmeek Val D'Oisen buruturiko atxiloketa baten testuinguruan zendu zen 24 urteko mutil gaztearen arrebak bere anaiaren kasua argitze aldera sorturiko komiteak burutzen duen lanaz mintzatuko da.

Musikak ere izanen du bere tokia. Hala, hilaren 19an Medine rap kantari ezaguna etorriko da Baionara. 22.00tan kontzertua eskiniko du rap engaiatuaren punta puntako ordezkaria den artistak. Kontzertuaren ostean Baionako La racine elkartearen eskutik Zizpa gaztetxeak «open mic bat» antolatu du, «Ipar Euskal Herriko edozein raperok bere aukera izan dezan kantu batzuk botatzeko».