NAIZ
IRUÑEA

Lan eta bizimodu duinak izateko eskubidea aldarrikatzeko ekimen ibiltaria abiatu du LABek

‘Lan duina, bizi duina’ lelopean, Iruñetik abiatu da LAB sindikatuak antolatutako ekimen ibiltaria, abenduaren 6an Durangon bukatuko dena. «Lanaren eta bizitzaren prekarizazioari» aurre egiteko proposamenak plazaratuko dituzte Euskal Herri osoan barrena.

‘Lan duina, bizi duina’ ekimenaren hasiera ekitaldia, Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
‘Lan duina, bizi duina’ ekimenaren hasiera ekitaldia, Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iruñean egindako ekitaldi batek hasiera eman dio LAB sindikatuak ‘Lan duina, bizi duina’ lemapean antolatutako ekimen ibiltariari. Abenduaren 6an Durangon bukatzen den arte, Euskal Herriko txoko ugari gurutzatuko dituzte.

«Garaia da bizitzaren sostengagarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko eta hala aldarrikatuko dugu herriz herri, eskualdez eskualde», adierazi dute. LAB sindikatuaren esanetan, «kapitala eta merkatuak erdigunean kokatzetik bizitza erdigunean jartzera pasatu behar dugu, eta horrek lan guztien aitortza eta defensa egitea dakar».

Sindikatuko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu, Iruñeko agerraldian egon da eta bertan azpimarratu du «langile klaseari bere osotasunean irtenbideak» eskaini nahi dizkiotela. «Proposamenak baditugu eta kolektibo desberdinei LABekin borrokara batzeko eskaintza luzatu nahi diegu ekimen ibiltariarekin».

Herrietan karpa bat jarriko dute, gerturatzen den sindikatuaren eskaintzak ezagutu ditzan eta, bertan, material desberdinak banatuko dituzte.

Langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo horiei guztiei eskaintza bat egitea da LABen helburua: «Lehenik egoeraren kontzientzia hartu behar dugu. Prekarietatean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, baina hori ez da normala, badago nahikoa diru guztioi bizitza duina bermatzeko. Bigarrenik, borrokara batzeko eskaintza egiten dugu, aktibatu eta mobilizatu behar dugu. Kolektibo bakoitzari borroka eskaintza espezifiko bat egingo diogu, bere errealitatetik abiatua eta bere errealitatea iraultzeko».