NAIZ
DONOSTIA

Frankismoaren biktimei emango die aurten urrezko domina Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu du espedientea hastea frankismoaren biktimei eta errepresaliatuei emateko aurtengo Gipuzkoako urrezko domina. Ekitaldi instituzionala abenduan izango da.

Denis Itxaso eta Imanol Lasa, gobernu kontseiluaren erabakien berri emateko agerraldian. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Denis Itxaso eta Imanol Lasa, gobernu kontseiluaren erabakien berri emateko agerraldian. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Foru erakundeko bozeramaile Imanol Lasak eta Turismo, Kultura, Gazteria eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok jakinarazi dute frankismoaren biktimek jasoko dutela aurten Aldundiak ematen duen urrezko domina.

«Egia, justizia eta erreparazioa dira biktimei zor zaizkien eskubideak. Gure betebeharra, erakundeona, memoriaren transmisioa egitea da, betiere, printzipio horien baitan, helburu izanik berriro ez errepikatzea giza eskubideen urraketarik. 1936an hasitako gerrak eta ondorengo erregimenak urte luzeetan iraun zuen, eta biktima eta errepresaliatu ugari utzi zituen gure artean. Gure herrian pertsona horiek jasandako sufrimendua aintzat hartuta, erabaki dugu 2017ko Urrezko Domina horientzat izango dela, behar beharrezko aintzatezpena delako», nabarmendu dute.

Aitortza kolektibo horri ematearen arrazoiak deskribatzerakoan Aldundiko ordezkariek azaldu dutenez, «1936ko belaunaldi hark egin zuen sakrifizioaren zordun gara gu, eta gaur aldarrikatzen ditugun balioak gizon-emakume haiek aldeztu zituzten berdin-berdinak dira».

«Lau hamarkada luzeko amesgaiztoa jasan genuen, jazarpena, erbestea, heriotzak, kanporaketak. Baina katea ez zen eten eta, horri esker, herri honek bizirik iraun zuen, eta zutik dirau orain. Memoria kolektiboan leku nabarmena daukate biktimen eta bere familien oroimenak, eta bizia askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenek, alegia», gaineratu dute.

Aurretik Gipuzkoako Urrezko Domina jaso dutenen artean daude, besteak beste, Joxemiel Barandiaran, Andoni Egaña, Angel Olaran, Juan Antonio Urbeltz, Ramon Saizarbitoria, Mondragon mugimendu kooperatiboa, Mikel Laboa, lehen ikastolak martxan jarri zituzten andereñoak, Euskaldunon Egunkaria, Gipuzkoako harrera familiak edota 1940, 1950 eta 1960ko hamarkadetan Estatu espainoleko hainbat lekutatik Gipuzkoara bizitzera joan ziren langileak eta beren familiak.