NAIZ,

Aratz Gomez aske geratu da

Ia bi hamarkada kartzelan eman ostean, Aratz Gomez azkaindarra Mont de Marsaneko espetxetik atera da.

Zigorra osorik bete ostean Aratz Gomez lapurtarra libre geratu da gaur goizean. Etxeratek adierazi duenez, Mont de Marsaneko espetxetik atera orduko azkaindarrak zain zituen senide eta lagunak.

1998 urteaz geroztik preso egon da Gomez azkaindarra. Irunen atxilotu zuten 1998ko azaroaren 16an, hogei urte zituela, eta ia bi hamarkada eman ditu kartzelan.

Arkaitz Saez hiriburutarrarakin atxilotu zuten Irunen. Saezek larunbatean berreskuratuko du askatasuna.

Aurtengo uztaila arte Estatu espainiarrean preso egon dira biak. Beren abokatuak Estatu frantsesean zigorra betetzeko eskaera egin zuen 2005ean lehen aldiz. Ezezkoa eman zioten auzitegi espainolek. Hamar urte beranduago Juantxo Esnal, David Gramont eta Unai Parot presoekin batera eskaera berri bat egin zuen Paulus Basurco abokatuak. Berriz ere, ezezkoa jaso zuen. Erabakiaren kontrako helegitea aurkeztea erabaki zuen eta orduan, Gomez zein Saezen eskaerak onartu zituen epaileak. Hori dela eta, 2017ko uztailean Mont de Marsaneko kartzelara lekualdatu zituzten.

Gomezi ongietorria antolatu diote urriaren 28rako Azkainen.