NAIZ
ERMUA

AP-8 eta AP-1eko joan-etorri mistoentzat hileko 45 euroko muga ezarri dute Bizkaia eta Gipuzkoak

AP-8 eta AP-1 autobideetan egiten diren joan-etorri mistoentzat 45 euroko gastu muga ezartzea adostu dute Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiek. Akordioari esker azpiegitura horiek beren lurraldetik kanpo erabiltzen dituzten gipuzkoar eta bizkaitarrek hileko 45 euro ordainduko dituzte gehienez.

Pradales, Rementeria, Olano eta Oiarbidek aurkeztu dute akordioa Ermuko peajean. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Pradales, Rementeria, Olano eta Oiarbidek aurkeztu dute akordioa Ermuko peajean. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak beren lurraldetik kanpo erabiltzen dituzten gipuzkoar eta bizkaitarrek 45 euro ordainduko dituzte gehienez, herrialde horietako bi Foru Aldundiek sinatu duten akordioaren baitan eta betiere bidaia erabiltzailearen jatorrizko lurralde historikoan hasi edo amaitzen bada. Gipuzkoako Aldundiak, gainera, AP-1eko Gasteizerainoko joan-etorriak ere sartuko ditu gipuzkoarren gastu muga horretan.

Akordioaren berri Ermuan aurkeztu dute Markel Olano eta Unai Rementeria Gipuzkoa eta Bizkaiko diputatu nagusiek, Imanol Pradales Bizkaiko Lurralde eta Ekonomia Garapeneko diputatu eta Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera.

Eibar eta Ermuko erabiltzaileentzat aldaketa

Gastu mugarekin batera, autobidera Eibarren eta Ermuan sartzen diren erabiltzaileentzat aldaketa ere aurkeztu dute, herri horietako erabiltzaileak ez diskriminatzeko. Izan ere, gaur egun Eibar nahiz Ermuko bizilagunek beste herriko peajea erabiltzen dute AP-8ra sartzeko eta alboko lurraldeko peajea erabiltzen dutenez ez zaie deskonturik aplikatzen. Hori gerta ez dadin, Ermuko lotunea Gipuzkoakotzat joko da eta Bizkaikotzat, berriz, Eibarkoa.