NAIZ
BAIONA

150 baionarren nahiak bildu dituzte Patxa plaza birmoldatzeko kontsultan

Guztira 150 baionarrek hartu zuten parte larunbatean Patxa plaza birmoldatzeko herritarren nahiak jaso behar zituen herri kontsultan. Ekimenaren antolatzaile Patxa Plaza Kolektiboa pozik agertu da emaitzarekin, eta ekimena «oso aberasgarria» izan dela nabarmendu du. Azaroan zehar jasotako proposamenen argazkiak ikusgai jarriko dira webgune batean eta bertan bozkatu ahal izango dira.

Parte hartze ariketa egin dute Baionan. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)
Parte hartze ariketa egin dute Baionan. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)

Egun euritsua izan arren, baionar asko hurbildu ziren larunbatean Patxa plaza birmoldatzeko herritarren nahiak jasotzeko antolatutako ekimenera. Patxa Plaza Kolektiboa izeneko herri dinamika da ekimenaren antolatzailea eta oso pozik dago jasotako erantzunarekin. Ibai Agirrebarrena kolektiboko kideak NAIZi azaldu dionez, «oso aberasgarria» izan da «ideia ezberdin ugari» atera direlako, «pentsatuta ez genituen batzuk barne». Horrez gain, nabarmendu du herritarrek ekimena eskertu dutela, orain autoen aparkaleku gisa erabiltzen den gunearen berregituratzeari buruzko iritzia emateko aukera eman dielako.

Herri kontsultan plazaren erabilpenari buruzko ideiak eskatzen ziren. Jasotako ideien artean, besteak beste, kontzertuak edota herri bazkariak egin ahal izateko gune, haurrentzako eremu edota haur, gazte eta adinekoen arteko harremanetarako espazioa bilakatzea proposatu da. Plazaren maketa bat ere jarri zuten ikusgai larunbatean, parte hartzaileei egituraketa ezberdinak proposatzeko aukera emanez. Hainbatek frontoiak irudikatu zituzten, Ipar Euskal Herriko herri txiki askotan dauden «pilota plazen» modukoak. Haurrentzako jolas parkeak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko aukera emango lukeen kioskoa, bankuak, mahaiak edota arbolak jartzea ere proposatu da, eta ideia oso berritzaile bat ere izan da: baratza partekatuak sortzea herritarrei barazkiak landatzeko aukera emanez. «Oraindik ezin izan ditugu proposamen guztiak aztertu», argitu du Agirrebarrenak, gunea estaltzeko ideiak ere jaso dituztela gaineratuz. Helburua euriarengandik babesteko gune handi bat sortzea litzateke.

«Maketak baliatuz 20 proposamen eginak izan dira eta horien argazkiak azaroan zehar webgune batean jarriko ditugu», aurreratu du Agirrebarrenak. Baionako Herriko Etxearekin diseinatzen ari diren webgune batean izango dira ikusgai eta herritarrek Internet bidez bozkatu ahal izango dute. Boz gehien jasotzen dituen proposamena Herriko Etxera eramango du Patxa Plaza Kolektiboak. «Azaroaren bukaerarako lehen kontsulta prozesua bukatuta izatea nahiko genuke», adierazi du Agirrebarrenak. Zehaztu duenez, bigarren fase batean, Herriko Etxearekin batera azterketa bat egin beharko dute, «eta ikusi zer egingo duen eta zer ez, zer ahal duen egin eta zer ez, zer nahi duen egin eta zer ez...».

Patxondo Peña, Zizpa Gaztetxea, Patxoki, Bizi eta Mamitxula elkarte feminista dira Patxa Plaza Kolektiboa osatzen dutenak. Prozesu parte hartzailea martxan jartzeko helburua argia izan da: herritarren topaleku izango den eremu bat sortzea Patxa plazan, herritarrei eurei gunerako dituzten nahiak eta beharrak azaltzeko aukera emanez.