NAIZ
BILBO

Urtarrilaren 13an manifestazioa egingo du Sarek Bilbon, «inflexio-puntu» izatea nahi duena

«Ideologia atzean utzita», urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzeko deia egin dio Sarek euskal jendarteari. ‘Prest gaude’ lemapean egingo den manifestazioa «bake eta ebazpenaren alde egiten duen gizartearen islada» izatea nahi dute antolatzaileek. Abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia ere egin dute.

Urtarrilaren 13ko manifestazioa aurkezteko agerraldia egin du Sarek, Bilboko Arriaga plazan. (ARGAZKI PRESS)
Urtarrilaren 13ko manifestazioa aurkezteko agerraldia egin du Sarek, Bilboko Arriaga plazan. (ARGAZKI PRESS)

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa aurkezteko agerraldia egin du Sarek Bilboko Arriaga plazan. Aurtengo zita urtarrilaren 13an izango da, ‘Prest gaude’ lelopean.

Beste senide batzuekin batera Badajozeko espetxean zendu zen Kepa del Hoyoren semea ere bertan egon da. Sareren izenean Bego Atxak eta Joseba Azkarragak hartu dute hitza eta, azaldu dutenez, aurtengo mobilizazioa «berezia» izatea nahi dutela azaldu dute: «Gatazkaren ebazpena bideratzen duen hori euskal gizartea izatea ezinbesteko ikusten du Sarek, horregatik egiten diogui dei euskal gizarteari, izan ere giza eskubideekiko babesa denoi dagokigu, izan ere gizarte batek ezin du aurrera egin baldin eta guztioi dagozkigun giza eskubide hoiek urratzen badira».

Gogoratu dutenez, «eszenatoki berri batean aurkitzen gara», eta hainbat adibide aipatu dituzte, tartean ETAren armagabetzea egiaztatzeko gizarteak izan zuen inplikazioa, egungo espetxe politikari irtenbidea emateko Estatu frantsesean ematen ari diren pausoak edota Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan emandako gehiengoek ere «honen inguruan akordio berriak lortzea eta pausuak ematea» bideratzen dutela.

Horregatik, eragile politiko, sozial eta sindikal orori dei egin diote «inolako salbuespenik gabe» inplikatu daitezen. «Urtarrilaren 13ko mobilizazioa inflexio-puntu garrantzitsua bilakatu dadin, ziklo berri honetan lehen eta oraina markatu dezan».

Urtarrileko hitzorduari begira «indarrak hartzeko», abenduaren 9rako Bakearen Artisauek, Bagoazek, Etxeratek eta Sarek berak Parisen egingo duten mobilizazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute, «giza eskubideak, ebazpena eta bakea helburu, Madrilen eta Parisen entzun gaitzaten».