NAIZ
BAIONA

Espetxeetara bira abiatuko da gaur, gizarte eta politika alorreko ordezkaritza zabalaren babesarekin

Estatu frantseseko hogei espetxeetan barrena bira hasiko dute Bagoaz, Sare eta Etxeratek. Lehen geldialdia Mont-de-Marsanen egingo dute eta hara joango da Euskal Herritik eragile politiko, sozial, sindikatu eta hautetsien ordezkaritza zabala.

Sare, Etxerat eta Bagoazeko kideak, biraren aurkezpenean. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Sare, Etxerat eta Bagoazeko kideak, biraren aurkezpenean. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bagoaz, Etxerat eta Sarek bihar Estatu frantseseko hogei espetxeetara egingo duten biraren egitaraua eta lehen etapan Mont-de-Marsan espetxera joango den ordezkaritzaren berri eman dute ohar batean.

 

Mont-de-Marsan hautatu dute lehen geldialdia egiteko, hain zuzen ere Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bertara hurbilduak izan daitezela eskatzen duelako. Euskal Herritik ordezkaritza zabala joango da, eragile politiko, sozial, sindikal eta hautetsiak tartean. Sare, Bagoaz eta Etxeratez gain, bertan izango dira bakearen artisauak, CGT, CFDT, LAB, Giza Eskubideen Liga, Bizi, Atxik Berrituz, Herriarekin, Sortu, EH Bildu, EH Bai, Aitzina, Ernai eta preso ohien taldeko kideak, eta Vincent Bru diputatua, Josu Juaristi EH Bilduko legebiltzarkidea, Emilie Dutoya PSko kontseilari orokorra, Luicien Bedbeder Hautetsien Biltzarreko lehendakaria, Martine Bisauta Baionako alkateordea eta Ainhoa Beola Gasteizko Legebiltzarreko parlamentria. 

Mont-de-Marsanera iritsitakoan, agerraldia egingo dute kartzelaren aurrean.

Azaroaren 16an Lannemezanen egingo dute agerraldia, eta hurrengo egunean Tolosan hitzordua izango dute espetxeetako administrazioko zuzendariarekin. Azaroaren 18an ere hiri horretan hainbat ekitaldi izango dira.

HIrugarren etapa azaroaren 20tik 22ra izango da eta Marseilla izango du jomuga.

Laugarrenean, azaroaren 23 eta 24an, Lyonen izango dira; bosgarrenean, 25etik 29ra, Poitiersera helduko dira eta Uzerche, Poitiers, Chateauroux eta Ile de Reko presondegietara joko dute.

Seigarren etapa azaroaren 30etik abenduaren 3ra izango da eta Rennes izango du helmuga. Azken etapa abenduaren 4 eta 5ean Lille eskualdean igaroko da, biharamunean Clairveauxeko espetxera jo aurretik.

Birari Parisen emango diote bukaera, abenduaren 9ko manifestazioarekin bat eginez.