NAIZ

Joseba Intxausti historialari eta euskaltzalearen obra osoa sarean eskegi dute

Jakin Taldeak Joseba Intxausti historialari eta euskaltzalearen obra osoa digitalizatu du. Guztira, Intxaustik sei hamarkadez argitaratutako 504 dokumentu eta 11.684 orrialde sareratu dira, ekimenaren aurkezpenean azaldu dutenez.

Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi, gaurko aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi, gaurko aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai Jakin taldeko kideek eta Lorea Agirre Jakin Taldeko zuzendariak hartu dute parte ekitaldian. Obra digitalizatuaz Joseba Intxaustiren 504 idazlan eta 11.684 orrialde sareratu dira, 61 urtez idatzi eta argitaratutakoak. Aurreneko dokumentu digitalizatua 1957koa da, ‘Arantzazu-Euskalerri Arantzazu poeman’ eta dokumenturik berriena, aldiz, 2017ko urrikoa ‘Musulmanak Europan’.

Bere obran artikuluek aparteko lekua dute, 365 artikulu argitaratu baititu guztira. Nabarmentzekoa ere bada liburugintzan emandako uzta, 36 liburu kaleratu baititu, eta beste 103 liburutan ere parte hartu du. Guztiak daude eskura haien atarian.

Joseba Intxausti Rekondo (1936, Segura) historialaria da, baina historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu da. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baita historiatik kanpo ere, bereziki euskararen terminologiaren arloan.

Azken urteotan bi iker lerro nagusiri jarri dio arreta Intxaustik: euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoaren jarraipena segurtatu du Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan aitzindari lana egin du. Ohorezko euskaltzaina da 2004tik.