NAIZ

Sortutik kanporatutako kidearen erasoak jasandako emakumeak saretu egin dira

Emakumeei eraso egitea egotzita kanporatutako Sortuko kidearen biktimak saretu egin dira eta kartel batean bildu dituzte erasotzailearen mezuak.

Kartelean jasotako mezuak eman dituzte argitara.
Kartelean jasotako mezuak eman dituzte argitara.

Emakumeei eraso egitea egotzita uztailean Sortutik kanporatutako gizonaren erasoak jasandako emakumeak saretu egin dira. Erasoen aurrean «jarrera aktiboa» hartu eta gertatutako euren hitzekin kontatzeko helburuz ari dira lanean.

R-eboluzioa zigilupean urteetan zehar gizon honek egindako eskariak argitara eman dituzte kartel batean. Afixan Ernai, Sortu, Donostiako Piraten eta Donostiako Alde Zaharreko Karmen jaietako irudiak daude, izan ere, azken hiru mugimendu hauetatik kanporatua izan da gizona.

Erasotuak izan direla onartzea zaila izan dela aitortzen dute kartelarekin batera egindako idatzian; «askok lotsa eta errua sentitu dugu», diote. Emakume hauek sufritutako presio soziala ere nabarmena izan da eta horri aurre egiteko helburua ere badu sareak: «Inork ez dezan gure ahotik atera ez den ezer gure izenean esan. Ez dugu zurrumurru gehiago entzun nahi, ez dugu gure intimitatea urratuta ikusi nahi. Argi geratu dadila erasotzailea izan dela guzti honen errudun bakarra!», diote argi.

50 emakume inguru dira saretu direnak. Haatik, erasotu gehiago direla uste dute eta «lehen pausua» eman eta eurekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte. Horretarako r.eboluzioa@gmail.com helbide elektronikoa ireki dute, eta erasotuek eurek sortu eta kudeatzen dutela nabarmendu dute.

 Sortuk berak uztailean prentsara igorritako ohar batean azaldu zuen militantea kanporatzeko erabakia, «jasotako lekukotza eta datuen arabera, bere militante kondizioa aprobetxatuta, engainua eta manipulazioa erabili ditu emakume gazteen aurka egiteko», zioen bertan.