NAIZ
DONOSTIA

Heziketa Bereziko langileen «gehiengo zabalak» egin du bat grebarekin, sindikatuen arabera

LAB, ELA eta Steilasek gaurko Heziketa Berezian deitutako grebak «oso jarraipen zabala» izan duela nabarmendu dute sindikatuek. Hezitzaileen %75etik gora greba egin eta mobilizazioetan ehunka lagunek parte hartu dutela adierazi dute deitzaileek, Hezkuntza Sailak jarraipena %55,2koa izan dela esan badu ere.

Heziketa bereziko langileek giza katea egin dute Lakuako Gobernuaren aurrean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Heziketa bereziko langileek giza katea egin dute Lakuako Gobernuaren aurrean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, sindikatuek azaldu dute «iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz» gaurko Heziketa Bereziko hezitzaileen grebak «oso jarraipen zabala» izan duela, «iazkoek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa».

Grebara deituta zeuden mila langile ingurutik %75 baino gehiagok bat egin duela zehaztu dute.

Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak zentroen %56an aztertu du grebaren jarraipena eta, adierazi dutenez, horietan 340 pertsonek egin dute bat grebarekin, hau da, %55,2ak.

Era berean, hezkuntza publikoko Heziketa Berezian bizi duten egoera salatu, aldarrikapenak plazaratu eta Lakuaren Hezkuntza Sailari egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko ehunka lagun kalera atera direla nabarmendu dute sindikatuek, tartean Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, fisioterapeutak, zeinu hizkuntza interpreteak, terapeuta okupazionalak, langile sozialak eta transkriptoreak izan direlarik.

Azken urteotan «behin eta berriro» mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenak ere gogoratu dituzte: 2003az geroztik berritu gabe dagoen hitzarmena negoziatu eta berritzea, lanaldi partzialak mugatu eta posible diren guztiak lanaldi oso bihurtzea, behin-behinekotasuna %6ra jaistea 400 postutik gora egonkortuz, hezitzaileen soldaak egiten den heziketa lanaren baitan «nabarmen hobetzea» edota lanpostu zerrendak «benetako beharretara» egokitu eta handitzea, besteak beste.

Orain arte, baina, Lakuak ez du proposamen horien inguruko «benetako negoziazio asmorik» agertu, sindikatuek gaitzetsi dutenez. «Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Heziketa Berezian ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko sektoreetan ere egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen», esan dute.

Hori dela-eta, Hezkuntza Sailari egoeraren larritasunari eta sektorearen aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jartzeko deia egin diote. Hala egin ezean, «greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik» utziko ez dietela ohartarazi dute sindikatuek.