NAIZ
BILBO

Berri Txarrak taldeak ‘Infrasoinuak’ diskoa aurkeztu du

10 kanta bildu ditu Berri Txarrak taldeak ‘Infrasoinuak’ disko berrian. Gaur kaleratu dute 23 urteko ibilbide luzean zapaldu dituzten estilo desberdinak nabari zaizkion lana. Hiru kontzertu iragarri dituzte, bakarra Euskal Herrian: martxoaren 17an, BECen.

Berri Txarrak hirukoteak ‘Infrasoinuak’ diska aurkeztu du. (ARGAZKI PRESS)
Berri Txarrak hirukoteak ‘Infrasoinuak’ diska aurkeztu du. (ARGAZKI PRESS)

Berri Txarrak talde nafarrak estudioko bederatzigarren lana plazaratu du. ‘Infrasoinuak’ izenpean. «Gure inguruan egonagatik jaramon egiten ez diegun soinu horiek dira», azaldu zuen Gorka Urbizuk Zazpikak hirukoteari egindako elkarrizketan. «Figura hori baliatu nuen gaur egun bizi dugun egoera interpretatzeko. Infra horrekin irudikatzen dugu behean dagoen jende guzti hori, entzuna izateko zarata gehiago egin behar duena».

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute gaur. Bertan 10 kantako diska eman dute ezagutzera, nahiz eta ‘Infrasoinuak’ eta ‘Spoiler!’ abestiak aurreratu egin zituzten. Ordu erdi pasatxoko diskan, taldeak biltzen dituen estilo guztiak nahastu dituzte.

Urbizuk azaldu du diskaren izenarekin euskara ere baduela buruan, gure hizkuntzan egiten diren abestiek «gutxienez ahalegin bikoitza» egin behar dutelako gazteleraz edo ingeleraz egiten diren abestieekin lehiatzeko. Hala ere, nabarmendu du ez dutela jendeak Berri Txarrak euskaraz abesten duen talde bat bezala gogoratzerik nahi, «baizik eta abesti onak eta zuzeneko ona» duen talde bat bezala.

Kontzertu bakarra Euskal Herrian, oraingoz

Eta atzetik datorkien arrakastak arrazoia ematen die, ‘Sold out’ kartela ia ohiko zerbait bihurtzeraino. Hala ere, izan dute ere ikusle bakarraren aurrean jotako kontzerturik. Diska berriaren birari 2018an ekingo diote, eta etxetik urrun. Asian hasiko dira eta lehenbiziko aldiz Australian ere joko dutela iragarri dute.

Euskal Herrian kontzertu bakarra iragarri dute, oraingoz. Martxoaren 17an Barakaldoko BECen. «Ikuskizun paregabea» antolatzen dabiltzala adierazi du Urbizuk, zerbait berezia izango dela azpimarratuz.

Bill Stevensonek ekoiztutako lana

AEBtan grabatu dute diska, Fort Collinsen, Bill Stevenson ekoizlearekin. ‘Denbora da poligrafo bakarra’ disko hirukoitzeko batean berarekin lan egin ostean, bere estudiora itzuli dira «oraingoan bere erara» grabatzeko. Hiru aste eman zituzten estudioan. «Agian badirudi lasaitu egin garela, baina inondik inora ere. 10 lan hauek grabatzea aurreko diska hirukoitzeko 20ak baino gehiago kosta zaigu».