NAIZ
BILBO

Independentistak sarea: «Bere bizi-iraupena bermatzeko behar du Euskal Herriak burujabetza»

Euskal Herriak bere bizi-iraupena bermatzeko behar du burujabetza, Independentistak sarearen aburuz. Aldarri hori oinarri, eta ‘Espainiar Konstituzioa herrien kartzela · Gora Euskal Errepublika!’ lelopean’, 12.30ean abiatuko da Landako gunetik abenduaren 6rako deitu duten manifestazioa.

Independentistak sareko kideak, prentsaurrekoan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Independentistak sareko kideak, prentsaurrekoan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 6a, jai egun «inposatua eta iraingarria» euskal herritarron gehiengoarentzat, Euskal Herriari bere naziotasuna eta eskubideak «ukatu» eta burujabetzarako bide guztiak «itxi» nahi dizkiona Independentistak sarearen ustetan. Hala adierazi dute larunbat goiz honetan Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan.

«70. hamarkadako Trantsizioaren iruzurraren erdian, diktadurarekin hautsi ordez demokrazia bahitzeko tresna bilakatu zen Espainiako Konstituzioa», gaineratu dute, hau Euskal Herriarentzako «benetako kartzela» dela iritziz. Independentistak sarearen ustetan Konstituzio espainiarraren DNAn «ez dago demokrazia eta justizia sozialaren arrastorik, ezta herri eta nazioen aitortza edo eskubiderik».

Katalunia jarri dute esandakoaren adibidetzat. 155. artikuluaren aplikazioa «egunduko jauzi errepresiboa» iruditzen zaie: «78ko erregimenak kinka larrian ikusi du bere burua Kataluniako prozesuaren aurrean eta aurpegirik bortitzena agertu du ultranazionalismo espainiarrak».

Hala, Kataluniaren aurkako erasoak salatzeaz gain Euskal Herriak bere etorkizuna aldarrikatzeko garaia ere baduela uste dute, hots, Euskal Errepublika aldarrikatzeko garaia. «Espainiar estatuaren barruan Euskal Herrian ez du inolako burujabetza aukerarik, eta inoiz baino argiago ari gara ikusten dependentziaren kalteak».

Bere bizi-iraupena behar du burujabetza Euskal Herriak Independentistak sarearen aburuz: «Zalantzarik gabe, gure etorkizunerako alternatibarik onena eta errealena Euskal Estatu demokratiko eta soziala eratu eta Euskal Errepublika aldarrikatzea da». Aldarri hori izango da hilaren 6rako Durangon egingo duten mobilizazioan entzungo dena. ‘Espainiar Konstituzioa herrien kartzela · Gora Euskal Errepublika!’ lelopean, 12.30ean abiatuko da martxa Landako gunetik.