EPPKren mezua Frantziako kartzeletako itzulia eta Pariseko abenduaren 9ko manifestazioaren karietarat
NAIZ|07/12/2017 12:56

1) Eskerrak eman nahi dizkizuegu Aietez geroztik presoon eta gure hurkoen alde burututako ekimenengatik, baina batez ere bake prozesua bururaino hel dadin egiten ari zareten ahaleginagatik.

2) Presook Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidearen parte izan behar garela deritzogu, ekintzaile izan garelako eta gure hurkoak gatazkaren kaltetu ere direlako.

3) Horregatik, gure ustean, zilegi zaigu aldarrikatzea, gatazka gaindituko bada, kaltetu guztiei zor zaien sendabidea eman behar zaiela. Gu bide horretan aurrera jotzeko beharrezko urratsak egiteko prest gaude.

4) Hala ere, azpimarratu nahi dugu oraintxe bertan gatazka kaltetuak eragiten ari dela; batetik, gure senide eta lagunek jasaten duten presoon aurkako erbesteratze politika; eta bestetik, larriko gaixo dauden kideen egoera. Premia larrikoa da egoera horiei amaiera ematea.

5) Azkenik, gure iritziz, Euskal Herrian bake iraunkorra erdietsi eta gatazka ez errepikatzeko modu bakarra gatazkaren muina heldu eta berau eragin duen arrazoiei heltzea da.

NOTICIAS RELACIONADAS