NAIZ

Garaipen argiak eskuratu dituzte Athletic eta Realak

4-0 irabazi dute zuri-gorriek etxean Zaragozaren aurka, eta 1-3 txuri-urdinek Huelvako Sportingen etxean. Hala, aurreko postuen lehian jarraitzen dute lehoiek, eta jaitsiera postuetatik urruntzea lortu dute donostiarrek.

Athleticeko jokalariak, gol bat ospatzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Athleticeko jokalariak, gol bat ospatzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Asteburu ona suertatu da euskal futbol taldeentzat, emakumeen kasuan bederen. Athletic eta Realak, biek irabazi dute igande honetan, eta bakoitza bere helburuen bidean indartuta atera dela esan daiteke.

Neurketa erraza izan dute zuri-gorriek sailkapen nagusian azken postuan ageri den Zaragozaren aurka (4-0). Kosta egin zaie lehoiei lehenengo gola egitea, baina errenkadan etorri dira gainerakoak. 41. minutua zen Lucia Cordobak bere taldearentzat lehen gola egin duenean. Hala iritsi da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatia are erosoagoa suertatu zaio Athletici. 57.ean Erica Vazquezek langara jaurti baloiak erakutsi du markagailuan aldeak ireki asmoz zelairatu direla zuri-gorriak. Hala, 76.ean egin du Eunatek bigarrena, 79an Yulema Corresek hirugarrena eta 81ean Nekanek laugarrena.

Realak, berriz, hirugarren garaipena lortu du errenkan gaurkoarekin (1-3). Kosta egin zaio garaipena lortzea, neurketa irauli beharra izan baitu. 61. minutuan iritsi da lehenengo gola, eta etxekoek egin dute; Francisca Lara izan da golegilea. Segituan berdindu dute baina Realeko neskek; Claudia Zornozak egin du banakoa 70.ean.

Berdindu eta hiru minutura, 1-2koa jarri du markagailuan Nahikari Garciak, eta minutu bat beranduago taldearen hirugarrena eta bere bigarrena egin du Claudia Zornozak. Lau minututan, beraz, buelta eman dio neurketari Realak Huelvan, hiru puntuak etxera ekartzeko.