NAIZ
GASTEIZ

Iheslarien egoera konpondu ezean gatazka ez dela gaindituko ohartarazi dute

Gaur egun 85-100 euskal iheslari eta deportatu politiko daude, horietako asko 60 urtetik gorakoak, batzuk larriki gaixorik eta behar duten laguntza medikoa jasotzeko arazoekin. Iheslarien kolektiboaren egoerari irtenbiderik ematen ez zaion bitartean gatazka ez dela gaindituko nabarmendu du iheslari ohi talde batek Gasteizen egin duen agerraldian.

Arturo Villanueva eta Jon Irazola, beste iheslari ohi batzuekin, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Arturo Villanueva eta Jon Irazola, beste iheslari ohi batzuekin, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Iheslarien erradiografia eskaini du gaur iheslari ohi talde batek Gasteizen, kolektibo horren egoeraren berri eman eta irtenbide baten beharra aldarrikatzeko. Arturo Villanuevak eta Jon Irazolak hitz egin dute guztien izenean, eta zera nabarmendu dute: ez dela inoiz Euskal Herri «normalizatu bat» lortuko euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak dauden bitartean, eta gatazka politikoa ez dela gaindituko «denak etxera ekartzen ez ditugun bitartean».

Iheslarien errealitatearen berri izateko, hainbat datu plazaratu dituzte: EIPK-k 2013an Biarritzen bere bide orria aurkeztu zuenetik, 125 iheslari inguru itzuli dira beren sorterrietara. Gaur egun, iheslari kopurua 85-100 bitartekoa dela kalkulatzen dute eta horietatik hamabost deportatuak dira. Haietako asko egoera zail eta larrietan bizi dira, beste batzuek gaixotasun larriak dituzte eta behar duten laguntza medikoa jasotzeko arazoak dituzte. Iheslari eta deportatuetako askok 60 urte baino gehiago dituzte; 40 baino gehiago gerra zikinak hildakoak dira; gutxienez bederatzi deportazioan hil dira; beste 25 baino gehiago ihesean hildakoak dira eta 382 «poliziatik poliziara» entregatuak izan dira eta «kasu gehienetan torturatuak».

Erbestea gaur egun zer den adierazten duen bost iheslariren adibideak ere aipatu dituzte: Angel Telleria, 34 urte ihesean egon ondoren, bere aurkako auzia preskribatzeko egun gutxi falta zirela Mexikon atxilotua eta espainiaratua; Mikel Barrios eta Iñigo Gulina nafarrak, Berlinen urriaren 27an atxilotuak eta espetxeratuak; berriki hil den Belen Gonzalez, ihesa eta deportazioa pairatu zituen lazkaotarra, eta Javi Perez de Nanclares gasteiztarra, 1978tik erbestean, Mexikon hildakoa.

Villanuevak eta Irazolak nabarmendu dutenez, nazioarteko eta Estatu espainoleko legediak aplikatuta, «mendeku gosea alde batera utzita», posible da erbesteratuen egoera konpontzea. Hala, torturarekin «zikinduta» dauden prozedura judizialak eta sumarioak bertan behera uztea eta delituen preskripzioa «era naturalean» aplikatu dadila aldarrikatu dute.

Foro Sozialak iheslarien egoerari konponbidea bilatzeko lan egiteko erakusi dien interesa eskertu dute iheslari ohiek, eta estatuak mugiarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute.

Javi Perez de Nanclares oroitzeko ekitaldia larunbatean

Agerraldian Javi Perez de Nanclares oroitzeko larunbatean Gasteizen egingo duten ekitaldian parte hartzeko deia ere egin dute. 19.00etan izango da, Gasteizko Auzolana pilotalekuan.