@belastegi
Donostia

Gipuzkoa sendotu eta sendatzeko asmoarekin abiatu da Hitzartu partaidetza prozesua

GuraSOS plataformak proposatuta, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak eratu du Hitzartu eta gaurtik aurrera Gipuzkoaren etorkizuna jendartean eztabaidatzeko eta erabakitzeko xedea dauka.

Bertaratuek Hitzartu prozesuari oniritzia eman diote paper berdeak altxatzen. (N.B.)
Bertaratuek Hitzartu prozesuari oniritzia eman diote paper berdeak altxatzen. (N.B.)

‘Hitza’ eta ‘hartu’ eleen arteko batura da ‘Hitzartu’, adostasun batetara iristeko hiritarren parte hartzea eskatzen duen proiektua. GuraSOS plataformak proposatutakoa bada ere, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak sortu du eta hondakinen kudeaketaz haratago joateko intentzioa dauka.

2018ko lehenengo sei hilabetetan tailerrak antolatuko dira parte hartu nahi duen jendeak etorkizunari buruzko ekarpenak egiteko; imaginatzen duten etorkizunik onena eta txarrena proposatu beharko dituzte. Babes gehien dutenak bildu eta eztabaidatu egingo dituzte, azkenean hondakinen kudeaketari soluzio adostu bat aurkeztuko diete instituzioei.

Baina tailer horietan, esan bezala, beste gai batzuk eztabaidatzeko lekua ere izango da, Gipuzkoaren lurraldea epe luzera «hipotekatzen» duten proiektuei argi berdea ematerako garaian zein prozedura jarraitu den aztertu ahal izango dute, alegia. GuraSOS-eko kidea den Joseba Belaustegik hartu du aurkezpenaren ardurarik handiena, EHUko taldearen izenean aritu behar zen Iñaki Barcena ezin izan duelako agertu, beraz, abokatuari tokatu zaio irakasleak diseinatutako jarraibideak azaltzea. Honen esanetan, «Gipuzkoa ez dago ondo osasunez une honetan», eta ez zen ingurugiroari buruz ari baizik eta egoera sozialai buruz. Hori dela eta, uste du Hitzartuk herrialdea «sendotu eta sendatu» egingo duela.

Hitzarturen dinamizazioa berme batzordearen esku egongo da. Horren parte dira Periko Ibarra, zientzia politikoetan katedraduna, Ernesto Ganuza, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularra, Juan Jose Alvarez, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna, Garbiñe Biurrun, EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salako presidentea, eta Bernardo Atxaga, ekonomian lizentziaduna eta Euskaltzaindiako kidea.

Horien lana, zein prozesu guztia –defentsa juridikoa barne– finanziatu ahal izateko, crowdfunding kanpaina abiarazi dute. Urtarrilak 24ra bitartean egingo dute lehenengo kanpaina. Lortutako diruaren arabera prozesua kalitate txikikoa, ertainekoa edo handikoa izango da. Ertainarekin (48.000 euro) lan txukuna egin daitekela uste badute ere, gustatuko litzaieke prozesu bikai bat martxan jarri ahal izatea eta horretarako 80.000 euro behar dituzte.

Ekarpenak egiteko kaleko diru biltzeta, ohiko kontu korrontea zein internet bidezko eskaerak egingo dituzte. Plan osoa dago Hitzartu.eus webgunean. Bertan jarriko dute ere bait Itsulapiko-rekin crowdfuning kanpainaren linka.