Naiz+ Naiz+

Elikagunea, Euskal Herriko elikagaiek topagunea dute Azpeitian

Euskal Herriko elikagaien topagunea izan nahi duen proiektu kooperatiboa da Elikagunea. Artxara Kooperatiba Elkarte Txikiak kudeatuko du datozen urteetan Azpeitiko Azoka Plazako Elikagunea. Urtarrilean irekitzea aurreikusten dute, haatik orain proiektua herriratzeko helburuz bazkidetza kanpaina abiatu dute.

Saltoki arruntetatik bereizi nahi du Elikaguneak, eta lehen sektorea indartzearekin batera kontsumo eredua eraldatu nahi du proiektu kooperatibo honek.

Saltokia izatetik harago, dastaketa eta heziketa gunea bihurtu nahi dute Elikagunea. Izan ere, janari dendaz gain, harategia eta sukaldea ere izango dira eskura eta askotariko ekimenak egitea dute buruan. Esaterako, kalea eta baserriaren arteko zubigintza, produktuen aurkezpenak, baserritarren produktuen dastaketak...

Bertako produktuei balioa ematea da Elikagunearen asmoa eta beraz, bertan bertako produktuak besterik ez dira izango. Hau da, Azpeitia erdigune bezala hartuta, 150 kilometroren bueltan ekoitzitako lehengaiak jasotzen dituen lekua izango da Elikagunea.

Ateak ireki aurretik bazkidetza kanpaina jarri dute abian. Batetik, likidezia lortu eta hasiera hasieratik herritarrei produktu gehiago eskaini ahal izateko eta bestetik, Elikagunea ezagutarazi eta Elikagunearen inguruko komunitateat sortzeko.

Crowdfunding kanpainak 40 egun iraungo du eta herritarrek euren ekarpenarekin bazkide egin daitezke. 10-30 euro jartzen dituztenek, proiektuari babesa emango diete. 50 eurotik gorako diru ekarpena egiten dutenek, berriz, bazkide txartela eskuratuko dute. 50 euro baino gehiago jartzen duten lagunek, kopuru horretatik gorako dirua erosketa txarteletan gastatzeko aukera izango dute.