0 comentarios

‘Hiri asko bere baitan’, Bilboren ikuspegi berri bat

Euri-jasak obraren doinua da postaren hasierakoa, eta horri dagokion testua eta argazkia jarraian datozenak:

«Agurea baldar-baldar altxatu da ohetik, barruko elastiko eta galtzontzilotan. Ez du argirik piztu eta lurrean zeuden txapinekin estropezu egin du, ia eroriz. Pasabide estura irten da, hankak erdi arrastaka, eta zurezko zoruak garrasi gupidagabeak jaurti ditu, pauso nekatu bakoitzeko ozenago eta gupidagabeago. Pasabidea zeharkatu du eta egongelan sartu da. Une horretan isiltasunaren oihartzuna txoko guztietara hedatu da hutsaren soinua mila aldiz ezerezteraino biderkatuz. Hormetako loredun paper zaharkitu horixka izan da eszenaren lekuko bakarra, eta hark ere, muzin egin dio; izan ere, Eusebioren bizitzaren gainbeherarekin mimetizatu eta bat eginik, hormetako papereko loreak ere, aspaldi ihartu eta kolorgetu ziren, ur ezagatik baino, bakardadezko euri-jasek itota. Telebista piztu du agureak, bakardadea uxatu nahian, gehiago bustitzeko».

‘Hiri asko bere baitan’ proiektuaren lagin txiki bat dira hiruak.

Facebook bidez helarazi digute Asier Olabarrieta, Aitor Gomez eta Unai Villenak euren proiektuaren berri. Bilboko Udaleko ‘Ideiak Martxan’ lehiaketan saritu zituzten eta harrezkero ekin diote Bilboko barru ezberdinetan oinarritutako argazki-testu-musika-obrak sortzeari. Sorkuntza lan horren ibilmoldea ere jaso dute euren bitakora propioan.

Obrak aurkezteko zuzenekoa eskainiko dute azaroaren 28an Bilborocken eta denak jasotzeko erakusketa bat ere antolatu dute. Gainera, obra guztiak liburuxka batean bilduko dituztela iragarri digute. Interesekoa baduzue gehiago ezagutzeko aukera Facebooken eta Twitterren.

últimos posts