Naiz+ Naiz+

Zaldibia, 26 orduz jarraian euskaraz abesteko prest

«Baietz 26 orduz euskaraz abestu!». Horixe da Zaldibian bota duten erronka eta hura betetzeko asmotan, 26 orduz ehunka euskal kanta harilkatu dituzte kantuan etenik gabe. Ostiralean abiatuko da erronka arratsaldeko 18.00tatik aurrera.

Munduan oraindik ikusi ez den erronka izango da Zaldibiakoa eta Official World Record elkarteak ziurtatuko du hala dela.

Izan kantuz izena ipini diote herri erronkari, ahotsez ahots, txandaz txanda, euskarazko kantuak bata besteari lotuz, munduan orain arte ikusi ez den bezalako herri-erronka egitea da ariketa. Azaroaren 10ean, ostiralean, 18.00etan hasiko da erronka, eta 26 ordu geroago, azaroaren 11an, arratsaldeko 20.00etan amaituko da Zaldibiako Herri Antzokian.

Garai eta era guztietako 400 euskal kanten zerrenda egin dute. Eta aurrez, abestia aukeratu, ordutegia hautatu eta izena emateko aukera izan dute zaldibiarrek, bai www.zaldibia.org/izankantuz helbidean sartuz edotaa, ostiralero Zaldibiako plazan jarri duten mahaia.

Abestiak karaoke formatuan kantatuko dira; beraz, abeslariak letra aurrean izango du uneoro. Taldean ere abesteko aukera izango da baina, asko jota hiru pertsonek egon ahal izango dute, batera, oholtza gainean. Haatik, une oro zenbait dinamizatzaile izango dira abeslariekin batera kantuan aritzeko. Zortzi herritar arituko dira lan honetan, beldurrak edo lotsak inor atzeratu ez dezan.

Izan Kantuz erronka gainera zuzenean jarraitu ahalko da Streaming bidez. www.zaldibia.org atarian izango da zuzenean ikusteko parada.