Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Bertsio bakarraz

 

Duela hogei urte, Miguel Angel Blanco hil zuten gauean, Liburu Azoka ari zen ospatzen Donostian, gaur egun bezala, eta, heriotzaren berri zabaltzen hasi zenean, Eva Forest adiskidea kudeatzen ari zen HIRU argitaletxearen postura gerturatu nintzen.

Gure harridurarako, pittin-pittinka, gainerako postuak joan ziren ixten eta jendetza joan zen biltzen Azokaren inguruan. Inork ez zekien ixtea nork erabaki zuen edota nork agindu ote zuen baina berehala HIRU argitaletxearen postua izan zen itxi gabe geratu zen bakarra. Evarekin bat egitearren, postura sartu nintzen eta, zorionez, itxitako beste liburudendetako langile bat edo beste gure aldera pasa zen. Zorionez diot zeren sekulakoak eta bost entzun behar izan genituelako hantxe postua irekita mantentzeagatik. Beldurgarria izan zen.

Halere, ez zegoen garbi ixtearen deliberoa non hartua zen eta, gainera, Evari ez zion inork esan itxi behar zuenik baina, hala eta guztiz ere, izugarrizko jende andana zegoen kalean era bortitzean guri begira gainerakoek egin zutena guk ez egiteagatik. Ez zegoen, bada, disidentziarako tokirik hartan. Ermuako mamuaren jaiotza izan zen.

Pentsamendu bakarraz elikatu zuen mamu horrek zioenez “abertzaletasuna terrorismoa zen” (Mayor Oreja)  eta Estatuak, arerioaren aurka, zilegi zuen  “direnak eta ez direnak burutzeko ”(Aznar). Akabo, beraz, talde bakezaleak eta gogoeta aniztasunaren aldarria (demokrazia), Ermuakoak jite autoritario espainiarraren agindua ekarri zuen. Inor ez zen atrebitu ere egiten Madrildik markaturiko ildotik aldentzen eta, katalanez abesteagatik, Raimonen aurkako orroak gailendu ziren Las Ventaseko zezen plazan.

Legez kanpoko erakunde batek, ETAk, Miguel Angel Blanco zinegotzia bahitu Barne ministroari “legea betetzea” eskatuz eta hark, arro, ezetz erantzun. Alegia, bere legea ez zuela konplituko arrapostu zion…ba al dago ezer surrealistagorik?

Ondorioak denok dakigu. Miguel Angel Blanco hilik agertu zen eta, hogei urte pasa arren, euskal presoekiko espainiar legeak betetzeke dirau.

Nik Ermuako izpiritu hori jaio zenean ez nuen bat egin Mayor Orejaren bertsioarekin. Orain ere ez.

 

Buscar