Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Halako bi

Halako bi

Bilboko Guggenheim Museoak hogei urte bete ditu. Bilboko IPESek, berriz, halako bi.

Bilbon suertatutako bi efemeride hauek ez dute, jakina, desberdintasun kuantitatiboa soilik, kualitatiboa baizik.

Guggenheim Museoak garatu duen kulturak unibertsaltzat jotzen du bere burua eta abangoardista izanik, luxuzko salgaiaren gisa hartzen du artea, espazio giltzapetuan aurkezten da (zer da, bestela, museoa, artearen kartzela besterik?) gizabanakoaren kontsumora begira dihardu, agerian ez dauden kontrolek diseinaturik eta geografikoki era hierarkikoan kokaturik.

Azken berrogei urteetan, bada zerbait!, IPESek egindako kultur ekinbideak, bestalde, ezarria du eta herri jakintzak aintzakotzat hartu du eguneroko bizitzan errotua eta bertako gizartearen parte hartze eraldatzaileak bultzatuz, gizarte berri bat helburu, aisiaz gain (ez denbora librea, gero!) jarrera kritikoak bultzatu ditu geografian zehar, herri zein auzoetan.

Beraz, Guggenheim ereduaren eta IPESen laneraren artean ez dago halakotasun diferentzia bakarrik nolakotasunarena baizik.

Eta, azken hau dela medio, ospakizun hau probestu nahi dut IPESen ereduarekin bat egin duten nolakotasun eraldatzailearen adibide izan diren bi izen hona ekartzeko: Eva Forest eta Alfonso Sastre.

IPESen 25en urteurrenean liburu bat argitaratu zen: " Diktaduratik Diktadurara, 1977-2002" non Alfonsok lagundu zuen trantsizioko lehen urte haiek errepasatzen sakonki kritikatuz: " intelektual haiena iraultza ote zen?" galdetzen zuen, gaurkotasun sakoneko gaia, duda izpirik gabe.

Halaber, Alfonsok 30en urteurrenean  berriro ere lagundu zuen beste liburu berri bat burutzen epilogo sendoaz, "Euskal Herriaren historiarako Ekarpenak", zen liburua eta haren azken hitza: "Zergatik jarraitzen dut komunista izaten ".

Evak, bere aldetik, liburu asko argitaratu zituen IPESekin batera. Horra hor:

2007.- “Los nuevos cubanos. La vida en una granja del pueblo” eta “Es y no es un cuento”. 2010.- “Febrero”.

Azken urte hartan (2010ean) Alfonso Sastrek “Imaginación, Retórica y Utopía”kaleratu zuen Hiru argitaletxean IPESekin batera.

Baina Evak jarraitu zuen IPSEkin bat eginik eta, esaterako, Irakeko gerraren aurreko egunetan herrialde bisitatu zuen Irakeko gerraren kontrako mugimendua bultzatuz. Ildo beretik, " Gernika Batzordea" mugimenduari "Gernika" margolan bat eskatu zien euskal herriko artistei Irakera bidali ahal izateko (oro har 12 artistek egin zuten beren lana “Ez gerrari" lemapean) eta ekimena burutu zen nahiz eta, logikoa zenez, Irakera eramatea ezinezkoa izan.

Haren karira "Irak, erresistentzia heroikoaren lekukotasuna" testua argitaratu zuen Evak geroago, Ekialde Ertaineko Irakeko okupazioaren ondoren "Irak testuinguru soziopolitikoa" izeneko liburuan.

2011n beste saiakera bat izan zen koadro hura bera sinbolikoki Gazara bidaltzeko, eta Gernikako agur ekitaldian Alfonsok bere testu baten bidez parte hartu zuen, zoritxarrez, patruilari israeldarrek Greziatik gertu eten zuen espedizio internazionalistaren ontzia eta Gazan lehorreratu baino lehen ekimena ekidin zuten.

Guggenheim Museoaren eredu inperialista dago Ekialde Ertaineko egoeraren atzean dagoen berbera eta, haren aurrean, tinko bezain irmo, IPES egon da, baita Eva Forest zein Alfonso Sastre bezalako artista engaiatuak.

Ezin elkartuzko ereduak.

Buscar