Juan León García / Mikel Garmendia
euskal herritik kanpalekuetara

Grezian harrapatuta

Aylan-en argazkitik Idomenikora, asko izan dira milaka migratzaile eta errefuxiaturen, azken aukera gisa Europarantz abiatzea erabaki zuten horien, egoera deskribatzeko iritsi zaizkigun irudiak eta kronikak. Egoeraren larria ikusita, hainbat herritarrek ekintzara pasatzea erabaki dute aurtengo udan eta aurrez aurre ikustea haien errealitatea.

Adore bizi eta berezi batez ekin diote, betidaniko lagun taldea bailiran. Greziako Karabanako 300 ekintzaileen herenak Euskal Herrian antolatu dira eta, horrenbestez, batua ez da soilik elkarrekin komunikatzeko era, baita lankidetzaren batasuna adierazteko modua ere.

Hantxe daukate Grezia zain, errepidean hiru egun eman ondoren, 3.000 kilometrotik gora, behin egin eta gero sendoak baino sendoagoak bihurtuko baitira, ikusezinak izanik ere, haien arteko elkartasun eta laguntasun loturak, haien aho-eztarrietatik elkarri «Ikusi arte!» esango dioten egunera arte.

Itxaronaldia kanpalekuetan. Hortxe egon da beti giza faktorea. Begien aurrean dutena ezin sinetsirik, hortxe daude ehundik gora lagun Tesalonikako portuko bazter ahaztu batean: bisitan joan zaie norbait, lehenengo aldiz hainbat hilabetetan. Bada norbait hesi haien bestaldean, neska-mutikoek inprobisatutako futbol-zelaiaren marra gisa erabiltzen dituzten hesietatik kanpo. Errealitateak gainditu egiten du hasiera-hasieratik espektatiba oro: negar batean hasi da ekintzaile bat migratzaile eta errefuxiatu siriarren kanpalekuan sartu aurretik.

Ashed, Hasad, Mustafa, Herd, Hamar eta gainerako haurrentzat egundoko gertaera da Karabanako taldearen bisita. Agurtzanek, irakaslea lanbidez, ez du prest ikusten bere burua hara sartzeko, baina amore ematen du neskatila batek eskutik heldu eta irribarrez sartzeko gonbita egin ondoren.

Luzeak dira egunak kanpamentu –nolabait deitu behar– hartan. Desesperatzeraino luze. Desesperazioa baita Samarrek begietan erakusten duena: «Ez dakit noiz arte egongo garen hemen». Luze egiten zaizkio orduak, senarra gogoan, Deir ez-Zor-en gelditu baitzitzaion familia zaintzen. Begien bistakoa disimulatzen saiatzen da seme-alaben aurrean. Aspalditik konpondu gabe dago hango zorua eta ur-putzuak eratzen dira, umeek, oinutsik eta lehenengo eguneko arropa berberaz jantzita, saltoka saihesten dituztenak. Bi ahizpa hurbiltzen dira, 8 eta 4 urtekoak, arropa maiztuz jantziak eta diamantezko duintasunarekin. Irribarre egiten du txikienak: belztuak ditu hortzak. Adingabeak dira urte hasieratik hona iritsitako lautik bat. Gainezka eginda dago Grezia eta milatik gora adingabe dago bertan, errefuxiatu-guneren batean sartzeko zain.

«Baldintza hauek ez dira gizakientzat», ekiten dio berriro Samarrek. Halakoxea da bizitza Limeiniko errefuxiatuen kanpamentuan, «UNHCR» hizkiak (Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziaren siglak; ACNUR, gaztelaniaz) daramatzaten plastikozko olanen artean eta ate gisa alfonbrak eskegita jarrita dituztela. Familia asko bizi dira denak batera negutegi moduko horietan, sabaian plastiko gehiago jarri behar izanik, pabiloiko sabaian pausatzen diren usoen zirinetatik babesteko. Eta irribarre egin behar, hala ere. Familia batzuk ez dira kabitzen eta kanpoan bizi dira, kanpin-dendatan. Bizi egin behar da gero, Grezian udan egiten duen bero kiskalgarri harekin. Moteldu egiten du beroak edozein egiteko, baita Samarrekin hasitako elkarrizketa bera ere. Han jarraitzen dute, Samarrek bezala, 57.000 lagunek, ia erdiak siriarrak, berrogeita hamarren bat kanpamentutan harrapatuta, UNHCR-ren txostenen arabera.

Luxua da hiriaren punta honetan ura edukitzea eta, halere, Samarrek, bere jaioterri Deir ez-Zorren ingeleseko irakasle denak, edateko eskaini dit, zakurrentzako edalontzi moduko batean. «La, Shukran», erantzun diot doi-doi. Sufritzen ari da Samar eta kristaldu egiten da sufrimendu hori. Beirazko bihurtzen zaizkio begiak iraganari buruz galdetzen diodan bakoitzean. Urtebete izango da Siriatik abiatu zenetik eta, oraindik ere, amaigabea da itxaronaldia. Hizketan jarraitzen dugularik, luzatu egiten ditu hitzak, amaitzeko presarik ez duela dakienak bezala. «Promes egin digu poliziak sei hilabete barru birkokatuko gaituztela», aitortzen du.

Azkenean, agintari greziarrek beste errefuxiatu-gune batera eraman zituzten hala nahi izan zuten familiak. Bera eta bere familia Lakadikiara eraman zituzten eta bertan «kiskalgarriagoa da giroa aurrekoa baino» eta «inori ez zaio axola» euren sufrimendua: «Kanpamentu txar batetik okerrago batera eramaten gaituzte». Itxarotea ez da aukera bat, dagoen aukera bakarra baizik. Eta betiko galdera erretorikoa: Zergatik?

Amorruari eutsi ezinda. Sufrimendua ariman iltzaturik, eztanda egiten du inpotentziak. Bat-batean, manifestazioak Paranestin eta Xanthin, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak dituzten herriak biak ala biak, eta hantxe egin zituzten ekintzak Anarchist Political Organization Federation of Collectives eta beren Black Blocks izenekoek (eskuadroi beltzak). Alemaniatik, Finlandiatik, Estatu frantsesetik, Ingalaterratik eta Italiatik etorriak eta, gogorrenak, greziarrak.

Eten egin da lasaitasuna gaur goizean Paranestin, Greziako ipar-ekialde menditsuaren magalean, poliziaren helikopteroa goian hegaka herri hartako zentroa bisitatzera joandako hamaika autobusetatik jaitsitako mila bat manifestariren zain.

Praka beltzak jantzi, eskularruak jarri, beltzak horiek ere, eta, azkenik, gerrikoa jartzen dute, bertatik zintzilik gasaren aurkako maskarak daramatzatela. Kasaka beltzek egoera aztertzen dute. Harritzarrak gorde dituzten traktore baten lohi-babesean, arma jaurtigarri gisa erabiliko dituzte snack-poltsak, edukiontzi berdea munizio-kutxa izango da eta landaredia itxian isilpeko estrategien zurrumurrua entzuten da.

Argia da borrokaren helburua: «Against borders, war and modern totalitarism». Anarkismo antolatua. Haien begiradek zer dioten ikusten saiatzen naiz: eguzkitako betaurrekoen distira da erantzuna.

Clement frantziarrak estrategia azaldu dit: «Gunearen ezkerreko kale-kantoian polizia daukazu eta hango kale hartan ere bai, istilurik izanez gero, hona etortzeko». Kalea zainduta dago, bai, baina txori metalikoaren soinupean beren atarietatik oihuka ari diren emakume horiek zaindua.

No Borders-ek, guneetako bisitak antolatzen dituen kolektiboak, hogei lagun aukeratu ditu lehen gune horretara sartzeko. Han dira, aukeratuen artean, Arantza eta Isa, eta haiek helarazi dizkigute barrukoen hainbat galdera: «Zergatik nago kartzelan, nik ez baitut ezer egin? Jasan ezin nuen gerra batetik ihes egin, nire herritik alde egin, neure burua babestu, besterik ez dut egin nik». Halaxe esan dio Isari barruko gazteetako batek. «Zergatik iritsi ziren egoera hartara, ez zuten ulertzen nola iritsi ziren hara, ez zekiten zer gertatuko zitzaien han, zer egingo zieten», kontatu du Arantzak irteeran.

Hogeikotea itzulitakoan, isiltasuna. Isildu dira gitarra-hotsak eta, balio beza oraingoan, guda oihu saharar batek iragarri du aldi baterako bakea.

Azkar amaitu da ordea, bake hura, Xhantin oihal beltza jaitsi zenean. Lehenik, su-itzalgailuen apar zuria poliziaren aurka. Gero, poliziak jaurtitako ke laranja manifestarien aurka. Bitartean, gas negar-eragileak eragindako malkoek lausotu dute hango tentsioa.

Salaketa, lehengo bera: zabal itzazue mugak, utzi alde batera EBren politika hilgarriak. Fabrika zaharraren gainaldean, polizia-lerroaren aurrean, honela dago idatzita: «Fuck your walls. Fuck your borders. We won’t follow your orders» (Izorra daitezela zuen murruak. Izorra daitezela zuen mugak. Ez dizuegu obedituko). Eta aldamenean «Freedom» (Askatasuna). Hizkuntza da tiro egiten lehena.

Hastera doa ekintza, Eduardo Galeanoren hitzetatik ekintzetara, han hasi dira hamar bat manifestari aurrean dugun polizia-komisariako hesia desalanbratzen, erasozkoa baino sinbolikoagoa den ekintza batean.

Oihala jaitsi aurretik, ezkutatzen hasi da eguzkia mendien atzean eta hurbileko espaloiko zigarrokin baten keak aurreratzen digu jarraian etorriko dena.Sumindurazko hogei minuturen ondoren, sakabanatzen hasi dira manifestariak, batzuk handik eta besteak hemendik, Xhantiko gunerako bidea hartuta.

Besoak goratzen dituzte manifestariek gazte arabiar baten ahots urratuari erantzunez. Marruka ari da, mezua gune barruraino iritsiko delakoan. Guri begira jarrita daude gunean eta paper batzuk erakusten dizkigute. Handik hamabost minutura, desagertzen hasi dira leihoetatik: afaltzeko ordua.

Apalduz doaz amorruzko oihuen oihartzunak. Biharamunean, Tesalonikako kaleek egingo dute orro.

Bidean hil direnen oroimena. Goizean, ehunka oin ibili dira Vardar ibaiaren gainetik. Vardar persieratik dator eta «ibai irekia» esan nahi du, nahiz eta ur horien izen horrek zerikusi txikia izan han berriki gertatutakoarekin: hemendik gertu, metro gutxitara, ezarri dute Greziako kanpamentu ez ofizial handienetako bat: Idomeni. Garaiarik onenetan –edo okerrenetan– 10.000 lagun izatera iritsi da, denak ere Balkanetako bidean aurrera egiteko irrikaz, zeina 2015eko amaiera arte egon zen zabalik.

Gaurkoan, Vardar gaineko zubia da poliziak Greziako Karabanako kideei ezarritako muga. Gerran bageunde bezala, puntu estrategiko hura da marra gorria. Hantxe egin dute performancea eta oihu egin dute, behialako Idomenin gelditzen direnek entzuteko, «Gerran gaude!».

Ekitaldiaren izenburua kolore gorri biziz ageri da zubiaren alde batetik bestera: «Lotsa». Martxa militar bakezalea amaitu eta han hasi dira elkar besarkatuz eta irri eta algaraka. Bat-batean, lurrera erortzen utzi dituzte gorputzak eta isil-isilik gelditu da dena. Izenik gabe, eguerdiko eguzkia epaile bakar. Hala hil dira 4.000 lagun Mediterraneoak irentsita. Eta Vardar ibaiaren gainean, Egeo itsasora baitoa, oihu bat aditzen da «¡Europa canalla, abre la muralla!» (Europa zerria, zabaldu hesia!)

Ezin itxaropena galdu. Arratsalderik beroenean, su-txinpartak piztu dira Tesalonikako kaleetan. Aristoteles Unibertsitatetik abiatuta, han ageri da manifestazioaren burua, hamaika bandera horirekin: Ongi etorri errefuxiatuak! Adoretsu dabiltza hainbat gazte, arabiar eitekoak, begietan nekea ezagun duten arren.

«Hurriya!» (Askatasuna!) egiten dute oihu hasiera-hasieratik. Han doaz, milatik gora lagun, Greziako hiri aberatsenean, Atenas bera baino aberatsagoa, eten egiten da luxuzko dendaz betetako kaleetako baretasuna.

Bizi-bizia da erritmoa, erakargarria, txundigarria: pasealekuko jendeak, lozorrotik aterata bezala, harrituta ikusten du –beti harrituta– nola eteten zaien itsas ondoko frappelate izoztuaren unea. Denda batzuek itxi egiten dituzte ateak; gehienek kanpora irtenarazi dituzte beren langileak, zortzi orduko txandatan jarduten baitute miseriazko soldata baten truke: 683,76 euro. 2012ko udaz geroztik, Greziako langile baten gutxieneko soldata Erresuma Batuko batenaren erdia da.

Bizkarrean YPJ hizkiak daramatza (kurdueraz Emakumeen Babes Unitateak adierazteko hizkiak) eta eskuan berriz Martín Sagrera Capdevillak, 80 urteko aktibistak, Karabanarentzat eskuz margotutako kartelak: bertan Aylan Kurdi ageri da, EBren izarren koroa batez arantziltzaturik.

Munduan barrean barreiatuta dauden 35 milioi kurduetako bat da gazte hau. Aberririk gabe eta atzerrian dabilen herria, orain estatu aitortu bat izateko borrokan ari da. Aberririk gabe, atzerrian dabiltzan herri askoren artean, 12 milioiko populazioa osatzen dute kurdu, saharar eta palestinarrek, UNHCR-ren arabera.

Zain daudenei itxaropena gelditzen zaie. Protesta, bandera, grafiti eta dantzen artetik, haur batek eskaini zigun protesta-ikurrik onena: paperezko bihotz bat eta, azken oparitzat, irribarre zabal bat.