Alaia Martin
IRITZIA

Ona zara

Dauzkagun konplexuen erdiak izango genituzke jendeak gutaz pentsatzen dituen gauza onak esango balizkigu, zerbaitetan geure zati bat jartzen dugun ekintza handi zein txikietan. Jakingo bagenu inguruan dauzkagun begi gehienek ez gaituztela epaitu nahi, ikusten dutela tarteka ihes egiten digun distira hori, indar hori… hori guztia bageneki, konplexu gutxiago izango genituzke. Pertsona eta herri gisa balio du «bageneki»-ak.

Dauzkagun konplexuen erdiak izango genituzke jendeaz pentsatzen duguna pentsatuko ez bagenu, geure zuloak estaltzeko besteenak gutxiago begiratuko bagenitu, sinpleagoak lirateke konplexuak. Eta jendeaz baino, pertsonen ekintza zehatzei buruz, joerei buruz pentsatzen duguna esango bagenu, momentuan, edo liseritu eta gutxira, zuzenean eta konplexu gutxirekin, konplexu gutxiago izango genituzke. Entzutera ohituago geundeke, esateko zilegitasun handiagoa sentituz. Analfabeto emozionalak izateko hezten –ezhezten– gaituztela garbi dago, baina larria iruditzen zait larria iruditzen zaiguna adierazteko dugun ohitura falta. Min egiten diguna esateko sentitzen dugun zilegitasun eskasa. Zein gutxi babesten dugun geure burua interesatzen zaizkigun harremanetan, edo kontrako muturrean, zenbat babesten dugun geure burua, zuzenean urrunduz, mintzen gaituena zer den esateko gauza ez garelako. Sabela astintzen digun indar zentripetu hori zein gutxi erabiltzen dugun aurrerako, hazteko. Geu edo harremana hazteko baliatu beharrean, nola baliatzen dugun ahazteko, hutsetik hasteko. Hutsetik berriz. Akatsetik. Nola eraikitzen dugun komunikazioa lubakitik, gero eta gehiago lurperatzen gaituen lubaki batetik, brailez, morsez, erasoz, bekainez, isiltasunez… guztiok hizkuntza bera hautatu beharrean, bere neuskalki eta guzti. Zenbat hondar irensten dugun. Eta zein landare ustel ereiten ditugun geure baitan.

Kezkatzen nau zein gutxi hitz egiten dugun, eta ez zein gutxi minaz bakarrik, minak bere joera ziraun eta kiribilak dauzkalako, eta minak min bikiak sortzeko gaitasun mimetiko edo minmetiko handia daukalako. Pozaz zein gutxi hitz egiten dugun pentsatzeak ere astintzen nau. Plazeraz. Miresmenaz. Albokoak kutsatu digun ilusioaz. Sorgin-gurpil horretan bestearen gurpilak harrapatu eta bultzako bagintu, ziurrago geundeke geure neumatikoez, eta besteenek ere estuago eutsiko liokete asfaltoari.

Benetan kezkatzen nau gaiak, eta bene-benetan pozten naiz salbuespenekin. Atzoko Bilboko salbuespenarekin, adibidez; triste, haserre, pozik edo hunkituta gaudela esateko hatz erakuslea altxatzeko gai garen momentuetan.