amagoia mujika
IRITZIA

Akordatu

Gaur ere meriendatzeko fruta-pure hori. Sudurra zimurtu du. Ez dio usainik hartu nahi. Koilarakada bat eta beste bat, mantso-mantso. Halako batean bukatu du fruta-pure katilua. Meriendatzen eman dionak bere poltsa miatu eta txokolatezko bonboi bat topatu du, kafearekin ematen duten horietakoa. Zein pozik jarri diren, biak. Batek fruta-purearena goxatzeko modua topatu duelako eta besteak ahoko zaporea aldatu ahal izango duelako.

«Orain katilua eta koilara garbitu eta pixka batean zuri utziko dizkizut, ea bakarrik nola moldatzen zaren. Ikasten joateko». Kaskagogor jardun du koilararekin borrokan, zein baino zein. Katiluan sartzen dezente asmatzen du eta aurpegiraino gerturatzen du koilara. Batzuetan ahoan, besteetan sudurrean, kokots inguruan hurrena. Asmatzen ez duenean haserretu egiten da. «Lasai, lasai, ez haserretu. Poliki-poliki», saiatzen da baretzen parekoa.

Aurpegia garbitu, lerde zapia erantzi, pixoihal garbia jarri eta paseatzera. Askotan, parera begiratu beharrean, bere hankei begiratzen die, pausoa nola ematen duten ikusteak liluratu egingo balu bezala. Bat eta bi, bat eta bi, bat eta bi. Bizkorrago joan nahiko luke, baina nahi baino baldarrago dabil. «Poliki-poliki. Lasai-lasai». Hori da azkenaldian gehien entzun duen aholkua.

Aulki batean eserita errepasatu du ibilitako bidea. Tira, atzo baino luzexeago joan da. Pixoihala ez diote ondo lotu eta bide erdian geratu egin behar izan du, beheko hura txukunago jartzeko. Geldialdi eta guzti, atzo baino bizkorrago sentitu da.

Paseoa bukatu eta deskantsatu egin behar duela erabaki du bere bidelagunak. Beti besteek erabakitzen dute noiz dagoen gose eta noiz den logura. Berak, baina, ez du asmatzen pentsamenduak hitzetara ekartzen. Hitzak falta zaizkio, ez pentsamenduak.

Komunera eraman dute. Pixoihala kendu eta eserita utzi dute han. «Egon pixka batean, ea zer moduz moldatzen zaren». Hotza sentitu du ipurtaldean eta eskertu egin du. Nazkatuta dago pixoihalarekin. Pareko azuleju txuriei begira dagoela, pentsatu du ez dela ondo akordatzen gaur zaintzen ari zaion horren izenaz. Joxe Mari? Joxe Luis?

Komunetik altxatzen lagundu, pixoihala jarri eta ohean etzan du. Gozo-gozo tapatu eta muxu bat eman dio kopetan izena seguru gogoratzen ez duen horrek. «Geroxeago etorriko naiz, ama».

Ama? Larritu egin da. Ama esan badio bere izenaz akordatu beharko lukeela sentitu du. Begiak itxi eta lo hartu du, eta hamar urte bete zituen egunarekin egin du amets, 1934ko otsailaren 19a. Begiak ireki dituenean emakume beltzaran batek eskutik heldu eta irribarre egin dio. Horren izena ere ez zaio akordatzen. Irribarre bat bueltatu dio, kortesiaz.